Gizartea -
Hilketa matxista
Gizon batek emaztea hil du tiroz Sevillan
Ondoren, gizonak bere buruaz beste egin du arma bera erabilita.
Agentziak | EITB Media
63 urteko gizon batek 60 urteko emaztea hil du biek partekatzen zuten Sevillako etxebizitza batean. Ondoren, bere buruaz beste egin du buruan tiro eginda, Espainiako Polizia Nazionalak baieztatu duenez.
Gertakariak 20:30 aldera izan dira Sevillako Cerro del Águila auzoko etxebizitza batean, Virgilio Mattoni kalean, hain zuzen ere. Hilketa izan eta denbora gutxira, senide batek aurkitu ditu gorpuak, eta larrialdi zerbitzuei deitu die.
Emakumearen gorpuak hainbat tiro zituen, eta gizonarenak bat, buruan. Antza denez, emaztea hiltzeko erabilitako arma bera, ehizarako eskopeta bat, erabili du bere buruaz beste egiteko.
Poliziak kalea itxi du, eta Polizia Nazionalaren Hilketa Taldearen esku geratu da ikerketa.
Gorpuak 23:30 baino lehentxeago eraman dituzte Auzitegiko Institutu Anatomikora, autopsia egitera.
Sevillako 4 zenbakiko Instrukzio Epaitegiak hartu du kasuaren ardura.