Gizartea -

Koronabirusa

Kutsatzeek gora egin duten arren, ospitaleetako egoera egonkor dago Nafarroan

Zorionez, ez da inor hil azken orduetan. Aste honetako joera hautsi da, horrenbestez.

Nafarroako Unibertsitateko frontoian paratutako txertaketa gunea. Artxiboko argazkia: EFE
Nafarroako Unibertsitateko frontoian paratutako txertaketa gunea.
Nafarroako Unibertsitateko frontoian paratutako txertaketa gunea. Artxiboko argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egonkortu barik jarraitzen du koronabirusak Nafarroan, eta kutsatzeen kopuruak gora egin du bigarren egunez, 1.825 proba eginda 244 kasu zenbatu baitituzte (positibotasuna % 13,4). 

Bezperan baino 15 gehiago dira, baina duela astebete baino 37 gutxiago. Aitzitik, duela 14 egun hautemandako 404 positiboetatik urrun samar daude.

Aurreko egunetan ez bezala, asteazken honetan ez da inor hil covid-19agatik. Gainera, erietxeetako egoera ez da kaskartu. Gaur-gaurkoz 96 pertsona daude Osasunbideko ospitaleetan, bezperan bezainbeste, eta horietatik 23 ZIUetan (aldaketarik ez, beraz). Bestalde, bederatzi pertsona ospitaleratu behar izan dituzte.

Datuak udalerriz udalerri aztertuta, 21 kutsatze atzeman dituzte Tuteran. Tarte batera, Garesen eta Iruñeko Sanduzelai auzoan zenbatutako bederatzi kasuak daude. Azagran, Barañainen eta Iruñeko Donibane auzoan, berriz, zortzina positibo hauteman dituzte.

Hain justu, birusak gogorren erasandako udalerrietan transmisioa jaisteko asmoz, gaueko etxeratze-agindua ezarri ahalko du Nafarroako Gobernuak, gutxienez abuztuaren 19ra arte, Nafarroako Auzitegi Nagusiak horretarako baimena eman baitio.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko argazkiak Nafarroa Tutera albisteak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Altsasu azken ordukoa Sendagaiak Txertoak Zer gertatu da Barañain herrian? Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa