Gizartea -

Koronabirusa

Arabako intzidentziak gora egiten jarraitzen du, eta ZIUetako okupazioak, behera

Kasuak biderkatu egin dira Gasteizen, eta horrek Araba osoko tasa metatuari eragin dio zuzenean: eragina goraka duen lurralde bakarra da. Erietxeetan, hiru gaixo kritiko gutxiago zenbatu dituzte (64) eta jaitsi egin da ospitaleratutakoen kopurua (282tik 269ra).

Bi osasun langile gaixo bat artatzen ZIU batean. Argazkia: EFE
Bi osasun langile gaixo bat artatzen ZIU batean.
Bi osasun langile gaixo bat artatzen ZIU batean. Argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) azken buletin epidemiologikoak agertoki makurra azalerazi du Araban, beste lurraldeetan ez bezala, azken 14 egunetan gora egin baitu bertan birusaren eraginak (100.000 biztanleko 537 kasukoa da). Bestelakoa da EAEko egoera orokorra, intzidentzia jaisten ari baita egunez egun. Gaur-gaurkoz, 603 kasukoa da intzidentzia-tasa metatua. Jaisten ari den bestea ospitaleetako okupazioa da.

Asteazkenean 64 eri zeuden Osakidetzako Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU), bezperan baino hiru gutxiago. Horrez gain, ospitaleetan zeudenen kopuruak ere behera egin du, 285etik 269ra pasatuta. Ospitaleratzeek, ordea, gora egin dute azken orduetan, eta 59 pertsona ingresatu behar izan dituzte (asteartean 56 izan ziren).

EAEk 927 positibo berri atzeman ditu azken orduetan, bezperan baino 38 gutxiago. Dena dela, proba gutxiago egin dira (7.426), eta, halere, positibotasun tasak puntu bat egin du gora, % 11,5etik % 12,5era igaro baita. Bizkaian zenbatu dira kutsatze gehien (482), baina kopurua murriztu duen lurralde bakarra da (-50). Gipuzkoan 250 positibo hauteman dituzte, bezperan baino 18 gehiago. Aipatzekoak dira, halaber, Arabako 175 kasuak, bere horretan hartuta gehiegi ez badira ere, ehunekoei erreparatuz gero igoera nabarmena islatzen baitu. Azkenik, EAEtik kanpo bizi diren 20 lagunek eman dute positibo (30ek bezperan).

Araban zenbatutako 175 kasuetako 148 Gasteizen zenbatu dituzte. Bigarren egunez jarraian (asteartean 130 hauteman zituzten) duela astebete, Andre Mariaren egunean, zenbatutakoa halako ia bi dira. Hazkunde horrek zuzenean eragin dio Arabako intzidentzia-tasa metatuari, eta 537 kasutan utzi du, EAEko tasa metatutik behera egon arren (100.000 biztanleko 603 kasukoa da EAEkoa, bezperan baino 29 puntu txikiagoa).

Bizkaiko (645 pilatutako kasu) eta Gipuzkoako (522 kasu) intzidentzien kurbek, ordea, beherantz egiten jarraitzen dute, grafikoan ondo ikus daitekeen bezala:

Bestalde, R0 indizea (positibo batek zenbat pertsona kutsatzen dituen adierazten du) egonkor dago Euskadin: 0,88an. Araban, aldiz, 1era igo da (epidemiologoentzat zenbaki horretan dago muga, hortik gora egotea seinale txarra baita), egun bakar batean zazpi ehunen igo ostean.

Herriz herriko intzidentziak, orokorrean, hobera egin du, eta bost udalerri handik (bik Bizkaian eta hiruk Gipuzkoan) lortu dute gune gorria uztea. Gainera, Hernanik eta Agurainek laranjatik horira egin dute jauzi.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak