Gizartea -
Nafarroa
Bi gizon atxilotu dituzte Iruñean, emakume bat bere borondatearen kontra auto batean sartzen saiatzeagatik
30 eta 22 urteko susmagarriak, legez kanpoko atxiloketa-saiakera baten eta lesio-delitu baten ustezko egile gisa atxilotu dituzte. Bi atxilotuak, epailearen esku utzi dituzte jada.
Agentziak | EITB Media
Espainiako Poliziak eta Iruñeko Udaltzaingoak 30 eta 22 urteko bi gizon atxilotu dituzte, legez kanpoko atxiloketa-saiakera baten eta lesio-delitu baten erantzuleak direlakoan; izan ere, emakume bat auto batean sartzen saiatu ziren, haren borondatearen kontra.
Ostegun goizaldean, 01:00ak aldera, San Juan auzoan ikusitako borroka baten berri eman zien herritar batek agenteei. Hala, Espainiako Polizia bertaratu zenean, gertatutakoa azaldu zien. Ordurako tokitik ihes egin zuten bi gizon emakume bat auto batean sartzen saiatzen ikusi zituen, haren borondatearen kontra. Bere esanetan, gizonek emakumea ibilgailu barrura bultzatu zuten, baina ezin izan zuten atea itxi, biktimak oinekin saihestu zuelako.
Espainiako Poliziak ohar batean azaldu duenez, lekukoak emakumea lagundu zuen, eta bertan behera utzi zuen bi gizon horien asmoa. Alabaina, kolpeak eta ostikoak eman zizkioten, ibilgailuan ihes egin aurretik. Hori dela eta, osasun arloko langileek lekukoa artatu behar izan zuten.
Gauzak horrela, inguruan bilatzea erabaki zuten agenteek. Handik gertu, eserita zegoen 33 urteko emakume bat topatu zuten. Berarekin hitz egin ondoren, erasoa jasan zuela onartu zuen, eta poliziek laguntza eskaini zioten. Bitartean, susmagarrien bila jarraitu zuten, eta ibilgailuaren datuak zabaldu zituzten hirian lan egiten duten polizia-kidegoen artean.
Denbora gutxira, hirigunean gorriz zegoen semaforo bat gelditu gabe igaro zuen ibilgailu bat atzeman zuen delinkuentziari aurre egiteko lanetan ari zen Iruñeko Udaltzaingoaren patruila batek.
Arrazoi horregatik, udaltzainek ibilgailua gelditzeko eskatu zioten gidariari, eta matrikula aztertzean, gertakarietan inplikatutako autoa zela egiaztatu zuten. Horrenbestez, gertatutakoan esku hartu zuten Espainiako Poliziako agenteak bertaratu ziren, eta biktimak zein lekukoak emandako ezaugarriak zituztela ikusi zuten.
Horregatik guztiagatik, bi gizonak tokian bertan atxilotu zituzten, legez kanpoko atxiloketa-saiakera baten eta lesio-delitu baten ustezko egile gisa, eta polizia-etxera eraman zituzten. Han, dagokion atestatua izapidetu zuten.
Ikerketaren arabera, biktimak eta ustezko erasotzaileek elkar ezagutzen zuten, bistaz bada ere. Bi susmagarriak, epailearen esku utzi dituzte jada.