Gizartea -
Internautaren Eguna
30 urte bete dira jende guztiarentzako lehen webgunea ireki zutenetik
1991ko abuztuaren 6an lehen web orria sortu zuten Suitzan, baina domeinua ez zegoen jende guztiarentzat eskuragarri. Egun gutxiren buruan, abuztuaren 23an, webera sartzeko gonbidapena egin zieten CERNetik kanpoko pertsona batzuei.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
1991ko abuztuaren 23an, sir Tim Berners-Leek lehen web orria ireki zuen World Wide Webaren protokolo multzoa erabiliz. 30 urte geroago, Internautaren Eguna ospatzen da egun horretan munduko txoko guztietan.
Gaur egun, mundu mailan, 4.660 milioi erabiltzaile daude Interneten, hau da, mundu osoko pertsonen % 59,5 konektatzen da sarera, We Are Social eta Hootsuite enpresek 2021ean egindako txostenaren arabera.
Lehen webgunea Berners-Leek sortu zuen Suitzako CERNen 1991ko abuztuaren 6an. Hipertestua erabiltzen duen lengoaia bat erabili zuen horretarako, eta erakundeko kideek baino ezin zuten bertara sartu.
Egun gutxiren buruan, baina, domeinuak publiko guztiarentzat jarri zuen eskuragarri bere edukia. Hala, 1991ko abuztuaren 23an, webera sartzeko gonbidapena egin zieten CERNetik kanpoko pertsona batzuei. Bi urte geroago, 1993ko apirilaren 30ean, CERNek ofizialki iragarri zuen, agiri baten bidez, webgunea publikoa eta jende guztiarentzat izango zela.
Egun hori ospatzeko asmoz, abuztuaren 23an internautaren eguna ospatzen da.