Gizartea -
Nafarroa
Manifestazio jendetsua egin dute Altsasun, indar polizialak joan daitezela eskatuz
Aurreko urteetan bezala, Ospa Egunak kolektibo eta ordezkari politiko batzuen gaitzespena eragin du. Hain zuzen ere, "utzi bakean, alde hemendik" edo "ez zaituztegu maite, ez zaituztegu behar" bezalako mezuak entzun dira ibilbidean.
Agentziak | EITB Media
Ospa Egunaren hamargarren edizioko manifestazioak Altsasuko kaleak zeharkatu ditu larunbat arratsaldean, indar polizialak (udaltzaingoa salbu) joan daitezela eskatuz.
"Errepresioaren kontrako borrokak darrai" lelopean antolatu duten protesta honek "errepresioaren aurpegi guztiak salatu nahi izan ditu, gizarte kontrolatu baten parte ez izateko", Ospa Mugimenduak nabarmendu duenez.
Hain zuzen ere, "utzi bakean, alde hemendik" edo "ez zaituztegu maite, ez zaituztegu behar" bezalako mezuak entzun dira ibilbidean.
Aurreko urteetan bezala, Ospa Egunak kolektibo eta ordezkari politiko batzuen gaitzespena eragin du, besteak beste, AUGCrena. Testuinguru horretan, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroari ekitaldia galarazteko eskatu diote, guardia zibilak "jazartzen dituela" iritzita.
Javi Ollo (Geroa Bai) Altsasuko alkateak Twitterren zabaldutako mezu batean adierazi duenez, "gaur Altsasun egiten ari diren ekitaldian ez du herritarren gehiengoak parte hartu, eta, edozein demokratak, adierazpen askatasunaren eta biltzeko oinarrizko eskubidearen baitan kokatu behar du".
Sare sozialetan, Ana Beltran PPko Antolakuntza idazkariordeak esan du Ospa Eguna "Marlaskaren axolagabekeriaren aurrean Guardia Zibilari egingo zaion umiliazio onartezina" dela. Gauzak horrela, "gaitzespenik sendoena", adierazi du.
Ildo berean, Carlos Perez-Nievas Nafarroako Ciudadanoseko bozeramaileak Twitterren adierazi duenez, Ospa Egunean "Guardia Zibila berriro mehatxatuko eta mespretxatuko dute, EH Bilduren babesarekin, Geroa Bairen isiltasun konplizearekin eta PSN-PSOEren lotsarekin". "Gaur, inoiz baino gehiago, ez diegu utziko guardia zibilak kanporatzen", gaineratu du.