Itxi

2021/09/01

21:13

Gizartea

Eguraldia

Azken hamarkadetako ekaitzik gogorrenak izan dira Nafarroan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Uholdeak eta hainbat arazo izan dira euriteen ondorioz Nafarroa hegoaldean, batez ere Tuteran. Alerta laranjak indarrean segitzen du Nafarroan, eta abisu horia ezarri dute Euskal Autonomia Erkidegoan eta Ipar Euskal Herrian.

3:41
Ekaitzak Nafarroan
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Goizaldean Nafarroan izan diren ekaitzak azken hamarkadetako gogorrenak izan dira, Peio Oria Aemet Espainiako Meteorologia Agentziako ordezkariak azaldu duenez. 

Edonola ere, Oriak zehaztu du duela bi urte Tafallan izandako ekaitzak ondorio larriagoak izan zituela. "Tafallakoarekin alderatuta, ez da horrenbesterako izan, baina, oro har, esan dezakegu Nafarroa hegoaldean, Erriberan eta erdialdean azken hamarkadetako egunik euritsuenak izan direla", azpimarratu du.

Horren erakusgarri da gaur Tuteran ordubetean pilatutako prezipitazioen marka hautsi izana, 06:30 eta 07:30 bitartean metro koadroko 63,4 litro bildu baitituzte; 32 urteko behaketa-erregistrorik handiena da. Aurreko maximoa (38,5 litro) 1997ko uztailaren 23an erregistratu zuten, gaurko maximoaren erdia baino zertxobait gehiago.

Ekaitzak uholdeak eta ur-putzuak eragin eta kutxatilak altxatu ditu, Tuterako Udaltzaingoak ohar baten bidez jakitera eman duenez. El Ferial kalea izan da kaltetuenetakoa, bertan urak 50 zentimetro harrapatu baititu.

Gorabehera ugari

05:00ak eta 06:30 artean, prezipitazio handiak izan dira Artaxoa, Vergalijo eta Caparroso herrietan, besteak beste.

Lur-jausi bat ere izan da, eta ur-putzu handi bat sortu da NA-6100 errepidean (Artederreta-Martzilla, Vergalijo parean). Auto bat trabatuta geratu da, eta onik atera dituzte bidaiariak. 

Bestalde, tren bat ez aurrera ez atzera geratu da Lodosako geltokitik 100 bat metrora, ustez prezipitazioen ondorioz matxuratu baita. Bidaiariak geltokira eraman dituzte, zerbitzua berriro abiatu arte.

Ekaitza erkidegoaren hegoalderantz joan da gero, eta bi istripu izan dira. 06:57an, auto bat irauli da A-68 errepidean (ez da inor zauritu), eta 07:47an, beste ibilgailu bat irauli da NA-115 errepidean, Funesen. Gidaria Nafarroako Ospitalera eraman dute anbulantzian, arin zaurituta. Azkoiengo suhiltzaileek atoian eraman dute leku berean bidetik atera den auto bat.

Nafarroako Guardia Zibilak ere Nafarroa erdialdean eta hegoaldean izandako arazo ugariren berri eman du. Hasiera batean, udalerri kaltetuenak Artaxoa, Mendigorria, Larraga, Berbinzana eta Miranda Arga dira. Bertan, urak laborantza-eremu handiak estali ditu, baita bide eta errepide ugari ere. 

Guardia Zibilak jakitera eman duenez, Larraga eta Mendigorria lotzen dituen NA-601 errepidea itxi dituzte uholdeen ondorioz, baita NA-6020 errepidea ere 12,500 kilometroan (Artaxoako sarbidea).

Besteak beste, Miranda Argako Guardia Zibilaren kuartela harrapatu du urak, eta kalteak eragin ditu herritarrak artatzeko bulegoan eta kuarteleko garajeetan. 
Kaltetutako eremuetako hiru bizilagunen autoak eraman ditu urak, baina beren kabuz atera ahal izan dira, urak eraman aurretik.

Alertak indarrean jarraitzen du

Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak alerta laranja ezarri du Nafarroan ekaitzengatik, txingorra eta haize zakarra ere espero dituzte, eta irailaren 2ko gauerdira arte izango da indarrean.

Euskal Autonomia Erkidegoan eta Ipar Euskal Herrian abisu horia ezarri dute zaparrada ertain eta ekaitzengatik, batez ere barnealdean.

EAEn, abisua osteguneko 24:00ak arte egongo da indarrean; eta Ipar Euskal Herrian, osteguneko 06:00ak arte.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;