Gizartea -
Indarkeria matxista
Elorriko Udalak abuztuaren 23an izandako eraso matxista gaitzetsi du
Ertzaintzak 39 urteko gizon bat atxilotu zuen Elorrion abuztuaren 23an, bikotekideari eraso egin izana egotzita.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Elorrioko Udalak abuztuaren 23an emakume batek jasandako eraso matxista salatu eta gaitzetsi du. Egun hartan, Ertzaintzak 39 urteko gizon bat atxilotu zuen bikotekideari eraso egin izana egotzita.
Adierazpen instituzional batean, Elorrioko Udalaren Bozeramaileen Batzordeak erasoa gaitzetsi, eta jarrera eta indarkeria matxistarik onartuko ez duela azpimarratu du.
"Erasotzaile orok jakin behar du emakumeenganako indarkeria, mespretxatzeaz gain, ez gure herrian ez beste inon ez dugula onartzen. Beti bezala, biktimari eta haren inguruari laguntza osoa eskaini gura diogu eta jakitera eman nahi diogu gertu izango gaituela. Halaber, behar dituen udal errekurtso guztiak eskaintzen dizkiogu, konfidentzialtasuna, intimitatea eta anonimotasuna bermatuz", oharraren arabera.
"Berriro diogu indarkeria matxista ez dela eremu pribatura mugatzen den arazo bat; lehen mailako gizarte-arazo bat da, sufritzen eta aurre egiten dioten emakumeen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurka egiten duena", erantsi dute.