Gizartea -

Errege etxea

Juan Carlos I.a legez kanpoko nazioarteko komisioekin aberastu zela uste du Fiskaltzak

"El Mundo" egunkariak publikatutakoaren arabera, Fiskaltzak zantzuak ditu komisioen legez kanpoko jatorria frogatzeko, eta hainbat delitu leporatu ahalko lizkioketela esan du; ogasun publikoaren aurkako kapital-zuriketa, eroskeria eta influentzia-trafikoa, besteak beste.

Juan Carlos I.a eta Felive VI.a. Argazkia: EFE.
Juan Carlos I.a eta Felive VI.a. Argazkia: EFE.
Juan Carlos I.a eta Felive VI.a. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Auzitegi Goreneko Fiskaltzak uste du Juan Carlos I.ak komisioak jaso dituela nazioarteko enpresa-negozioetan bitartekari lanak egiteagatik. El Mundo egunkariak publikatutakoaren arabera, Fiskaltzak zantzuak ditu komisioen legez kanpoko jatorria frogatzeko, eta hainbat delitu leporatu ahalko lizkioketela esan du; ogasun publikoaren aurkako kapital-zuriketa, eroskeria eta influentzia-trafikoa, besteak beste.

Fiskaltzak zabalik ditu errege emerituaren aurkako hainbat ikerketa; nagusia, Espainiako AHTaren lanetan 65 milioi euroko ustezko komisioak jasotzeagatik. Horrekin batera, deklaratu gabeko donazioak jaso izana eta paradisu fiskaletan dirua gorde izana ikertu du Fiskaltzak.

El Mundo egunkariaren arabera, Espainiako Auzitegi Goreneko Fiskaltzak aztarnak ditu komisioen legez kanpoko jatorria frogatzeko. Gainera, ogasun publikoaren aurkako kapital-zuriketa, eroskeria eta influentzia-trafikoa egin izana ikertu du.

Bitartean, Borboikoak urtebete baino gehiago darama Abu Dhabin, atzerrian egindako negozio irregularrak direla-eta Espainiatik alde egin ostean.

Ikerketak zabalik

Auzitegi Gorenak hainbat ikerketa prozedura ditu zabalik: Espainiako AHTaren lanetan ustezko komisioak jasotzeagatik, Juan Carlos I.ak eta senideek kreditu txartel opakoen ustezko erabileragatik eta paradisu fiskal batean bere izenean 10 milioi euroko kontu bat izateagatik.

Borboikoak justiziarekin dituen arazoak, baina, ez dira hor amaitzen. Izan ere, Corinna Larsenek Espainiako Errege Etxearen aurkako auzi-eskea aurkeztu zuen, Espainiako zerbitzu sekretuek eta errege emerituak berak "legez kanpoko zaintzea" eta "zirikatzea" egotzita.

Juan Carlos I.ak errugabetasun-presuntzioa urratzea egotzi dio Fiskaltzari

Juan Carlos I.ak "errugabetasun presuntzioaren printzipioa modu nabarian" urratzea leporatu dio Auzitegi Goreneko Fiskaltzari. Hain zuzen ere, Javier Sanchez-Junco bere abokatuaren bidez ohar bat zabaldu du, Fiskaltzaren inputazioak "inolako oinarririk gabe" eta "justifikaziorik gabe" egiten direla ohartarazteko.

Hala, "herritar guztiak babesten dituen" errugabetasun presuntzioa urratuz, Juan Carlos I.ari "kalte larria egiten dioten balorazioak eta iritziak" herritarrei helarazten zaizkiela salatu du.

Ministerio Publikoak ohar labur batean azpimarratu duenez, Suitzako agintariei dagokie euren ikerketetan atzemandako zantzuak baieztatzea edo ez, eta errege emeritua ikertzeko hiru eginbide zabalik dituela gogorarazi du.

Horrez gain, El Pais egunkariak beste albiste bat argitaratu du Ogasunak Erregearen Etxeari egindako errekerimenduen inguruan, Juan Carlos I.ari 2014an abdikatu zuenetik 2018ra arte egindako ordainketekin lotuta; izan ere, urtean 198.845 euro jaso zituen.

Hain zuzen ere, ordainketa horiek, errege emerituak garai horretan izan zituen diru-sarrerekin bat datozen egiaztatzea da eskaera honen helburua, ustezko delitu fiskal baten inguruan Zerga Agentziak egindako ikerketaren baitan.

Ogasun Ministerioak argitu duenez, sail horrek eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziak ezin dute zergadunei buruz hitz egin, ezta ikerketa zehatzei buruz ere, eta erregularizazio fiskala egiten denean, agentziak "egiaztatu egiten du erregularizazio hori erabatekoa eta egiazkoa dela".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errege-etxea Juan Carlos I.a Auzitegi Gorena Delituak azken ordukoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak