Gizartea -
Automobilgintza
Datorren astean ere etenda jarraituko du Gasteizko Mercedes-Benz lantegiko ekoizpenak
Erabaki horrekin, hirugarren astez egongo da geldirik Arabako lantegia, erdieroaleen hornikuntza faltagatik.
EITB MEDIA
Jundizko Mercedeseko zuzendaritzak lantegiak astebete gehiago geldirik jarraituko duela jakinarazi die asteazken honetan langileei. Oraingoan, gainera, Alemaniako zenbait lantegitan ere eragina izango du lanuzteak, Iñaki Andres UGTko kideak goizean Radio Vitorian egin dioten elkarrizketan azaldu duenez.
Lantegia, beraz, hirugarren astez jarraian egongo da geldirik. Segurtasun-sisteman garrantzitsua den pieza baterako txipik ez izateak eragozten du erritmo normalean lan egitea. Zuzendaritzak ez du iragarri jarduerari noiz ekingo zaion berriro, baina lanuzteen ondorioz galdutako unitateak berreskuratzeko itxaropenari eutsi dio.
Oraingo honetan, aurreko bi asteetan ez bezala, zuzendaritzak ez du aurreikusi urteko ibilgailuen ekoizpena murriztea. Aurreko bi asteetan 6.400 unitatetan murriztu zuen, urte honetarako ezarritako 150.000 unitateen % 4 inguru.