Gizartea -

BIOLENTZIA BIKARIOA

Bere semea ustez hil zuen gizonaren gorpua aurkitu dute Bartzelonan

Abuztuan Bartzelonako Paralelo etorbideko hotel bateko logelan bere bi urteko semearen hilotza aurkitu zutenetik desagertuta zegoen gizona, eta ustez amaz mendekatzeko hil zuen.

Mossos d'Esquadraren komisaria bateko artxiboko irudia. Argazkia: EITB MEDIA.
Mossos d'Esquadraren komisaria bateko artxiboko irudia. Argazkia: EITB MEDIA.
Mossos d'Esquadraren komisaria bateko artxiboko irudia. Argazkia: EITB MEDIA.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mossos d'Esquadrako agenteek El Prat de Llobregaten (Bartzelona) aurkitu dute abuztuaren 24an ustez bere semea Bartzelonako hotel batean hil zuen eta, ondoren, bere buruaz beste egin zuen gizonaren gorpua, Kataluniako Poliziak jakitera eman duenez.

Abuztuan Bartzelonako Paralelo etorbideko hotel bateko logelan bi urteko umearen hilotza aurkitu zutenetik desagertuta zegoen gizona, eta ustez amaz mendekatzeko hil zuen.

Udaltzaingoaren iturriek azaldu dutenez, El Prat de Llobregateko Les Palmeres auzoko baso batean aurkitu dute gorpua, Bartzelonako aireportutik gertu.

Hain zuzen ere, El Prateko aireportuaren inguruan galdu zen 44 urteko gizonaren arrastoa. Hoteletik ihes egin zuen, establezimenduko igerilekuko hesiaren gainetik salto eginez, ustez, bi urteko semea hil ondoren baina hoteleko segurtasun-kamerek ihesaldia grabatu zuten.

Hainbat ordu haren bila eman ondoren, Mossoek sare sozialetan argitaratu zuten haren argazki bat, deskribapen fisiko zehatz batekin batera, eta herritarrei laguntza eskatu zieten aurkitzeko.

Auzitegiko medikuek ondorioztatu beharko dute zergatik hil den ustezko parrizida; hala ere, lehen zantzuen arabera, zuhaitz batean urkatuta hil du bere burua.

Ume txikiaren hilketa abuztuaren 24an gertatu zen, 22:30 aldera. Agenteek Concordia hoteleko gela batean aurkitu zuten adingabea, Bartzelonako Paralelo etorbidean, eta Larrialdi Medikoen Sistemako (SEM) osasun-langileak suspertzen saiatu ziren, baina ezin izan zuten ezer egin haren bizitza salbatzeko.

Antza denez, amak berak eman zuen abisua, bere semearen aitak mehatxuzko mezuak bidali ostean. Banantze-prozesuan zeuden biak, eta gizonak "damutuko zaizu" eta antzeko mezuak bidali zizkion emakumeari.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Bartzelona Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Desagertutako pertsonak Matxismoa