Gizartea -

Estadioetako edukiera

EAEANk Garrido babestu du, Jaurlaritzaren "eraso pertsonalen" aurrean

Agiri bat kaleratu du Eusko Jaurlaritzaren eta lehendakariaren kritikengatik. EAEko agintariek gogor jo dute auzitegiaren aurka futbol estadioen edukiera handitzeagatik.

EAEko Auzitegi Nagusia. Argazkia: EiTB
EAEko Auzitegi Nagusia. Argazkia: EiTB
EAEko Auzitegi Nagusia. Argazkia: EiTB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Aretoak babesa helarazi nahi izan dio Luis Garrido epaileari Eusko Jaurlaritzak egin berri dizkion "eraso pertsonalen" aurrean.

Jaurlaritzak covid-19aren aurka ezarritako neurri batzuk bertan behera utzi zituen Garridok, tartean futbol estadioen edukierari zegokiona. Epaileen gobernu erakundeak adierazi du ebazpen judizialei egindako kritikak "zilegiak" izan daitezkeela, baina ez dituela "eraso pertsonalak baimentzen", ezta Judikaturari zilegitasuna kentzea ere.

Polemika eragin duen azken ebazpen judiziala futbol estadioen edukierari dagokiona da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak % 30ean mugatu zuen, eta auzitegiak % 60ra igotzea onartu zuen.

Erabaki horrek, aurretik hartutako beste batzuekin batera, Eusko Jaurlaritzako ordezkarien eta Iñigo Urkullu lehendakariaren beraren kontrako iritzia jaso du.

Urkulluk aurreko asteazkenean esan zuen LABI "gutxietsi" egin zuela epaileak erabaki horrekin, eta ebazpena "adierazpen publikoetan zientzia mespretxatu duten pertsonek" eman dutela, Garridori erreferentzia eginez.

Atzo, Eusko Legebiltzarrean egindako politika orokorreko osoko bilkuran berretsi zituen kritikak, eta jarri dizkioten "oztopoak eta zailtasunak" gaitzetsi.

EAEko Auzitegi Nagusiko Gobernu Aretoak bilera egin du gaur, eta adostu duen testuaren arabera, "gizarte demokratikoetan epaitegiek zilegitasun osoa dute, ordenamendu juridikoan oinarrituta, pertsonek, elkarteek eta erakundeek egindako jurisdikzio eskaerei erantzuna emateko". "Hori horrela, babes juridikoa egikaritzen dute, Zuzenbidezko Estatuaren Zutabeetako bat", azpimarratu dute.

Testuinguru horretan, nabarmendu dutenez, "ebazpen judizialei egindako kritika zilegiak ez du ahalbidetzen Euskadin justizia ezartzen duten epaileei eraso pertsonalak egitea edo zilegitasuna kentzea".

Andoni Ortuzar EAJko presidenteak Radio Popular irratian ebazpen judiziala hizpide izan du. Esaldia amaitu barik, zera esan du elkarrizketa hasteko: "Gauzak hain argiak direnean eta beti epaile berdina denean…", aldez aurretik ere magistratuak Eusko Jaurlaritzako erabakiaren aurka ebatzi duela erreferentzia eginez.

"Ez diot inori errespetua galdu nahi, baina epaiek herri honen gehiengoari errespetu falta diote", adierazi du Ortuzarrek. Buruzagi jeltzalearen hitzetan, "sententziek zentzurik ez izatea, ez da posible". "Epai batek zentzurik ez duenean, txarra", kritikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza EAE albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak LABI EAEko Justizia Auzitegi Nagusia