Gizartea -
Indarkeria matxista
France Bleuko sei langile baztertu dituzte, jazarpen matxistak egin dituztelakoan
Amaia Cazenave kirol kazetariak lanean jazarpenak jasan zituela salatu zuen dokumental batean, eta Radio Franceko zuzendaritzak barne ikerketa bat abiatu du.
I. R. | EITB Media
France Bleu irrati sarea barne hartzen duen Radio France komunikazio talde publikoak Baionako ordezkaritzako sei langile, gizonezkoak guztiak, baztertu ditu jazarpen matxisten harira egindako ikerketa batengatik, Sud Ouest egunkariak jakitera eman duenez.
Egunkariak azaldu duenez, joan den ostiralean Radio Franceko zuzendaritzak sei langileei jakinarazi zien lanpostuak berehala utzi behar zituztela, behin-behinean, baina ez dute zehaztu zehazki zer egozten dieten.
Amaia Cazenave kirol-kazetariak Je ne sui spas une salope, je suis une jousnaliste (Ez naiz urdanga, kazetaria naiz) dokumentalean publikoki egin zuen salaketarekin lotuta dago neurria. Izan ere, Cazenavek France Bleu irrati publikoan lan egin du, Baionako ordezkaritzan.
Dokumentalaren emisioaren ostean, zenbait hedabidek ziurtatu zuten barne ikerketak egingo zituztela, erredakzioetan matxismo kasuak antzemateko. Besteak beste, Radio Franceko zuzendaritzak ikerketa egiteko konpromisoa hartu zuen, eta martxoan ekin zion horri.
Oraingoz ez dago informazio gehiagorik, baina Sud Ouestek jakitera eman duenez, beste sei kazetari ikertzen ari dira Frantziako Estatuko beste egoitza batzuetan.