Itxi

2021/10/06

11:58

Gizartea

Osasun larrialdiaren amaiera

Jaurlaritzak asteon eguneratuko du eskoletako osasun protokoloa

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Jonan Fernandez LABI teknikoaren koordinatzaileak egin du iragarpena, eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak gero zehaztu du neurri berriak "astelehenetik aurrera" aplikatuko dituztela.

1:8
Antzuolako Herri Ikastetxea
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta Osasun Saila ikastetxeetako protokoloa berrikusten eta egoera berrira moldatzen ari dira, eta asteon izango dute prest neurri sorta berria, Jonan Fernandez hilabeteotan LABIren Batzorde Zientifiko-Teknikoko koordinatzaileak Radio Euskadin egindako iragarpenaren arabera.

Gero, kazetarien aurrean egindako adierazpenetan Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak zehaztu duenez, "asmoa da aste honetan bertan ikastetxeetara protokolo berria igortzea, astelehenean bertan aplikatzen has daitezen".

Bildarratzek Antzuolako eskolan egiten ari diren lanak bisitatu ditu goizean, eta bertan egin ditu adierazpenak. Hezkuntza sailburuaren hitzetan, egoera berriak "isla" izan behar du ikastetxeetan: "Gizartearentzat dauden neurriak izango dira ikastetxeetara eramango direnak".

Hala, aldaketetako bat musukoaren erabileran egon daitekeela iradoki du. "Kontuan hartu larrialdi egoera gainditu arren hainbat baldintza betetzen jarraitu behar dugula, musukoa eta distantziarena esaterako, baina behin distantzia egonda (kanpoaldean), musukoak beste modu batera erabil daitezkeela", azaldu du.

12 urtez azpikoak txertatu gabe egoteak adin tarte horretakoei neurri apartekoak ezartzea ekar dezakeen galdetuta, Bildarratzek esan du "bide bat" izan daitekeela neurriak desberdinak izatea batzuentzat eta besteentzat.

"Ikusiko dugu zein den biderik egokiena. Denok nahi dugu egoera hau gainditzea, baina segurtasuna eta osasuna bermatzea da lehentasuna", gaineratu du.

1:09

Fernandez: "Ez dakigu % 100ean hau bukatu denik"

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan egindako adierazpenetan, Fernandezek aitortu du "ekaitz ikaragarria" gainditu dugula, eta, "borroka amaitu ez bada ere", izurriak osasun sisteman eta gizartean duen eraginak "kritikoa izateari utzi dio", eta, beraz, "egoera normalizatuagoa" izateko unea iritsi da, horren hitzetan. "Mehatxuak" egon badaudela onartu du, eta birusak mutatzeko aukeraren eta immunizazioak izango duen iraupenaren inguruan, esaterako, zalantzak daudela esan du.

"Inork ez daki mehatxu horiek noiz gauzatuko diren, ezta gauzatuko diren ere. Beraz, ez da logikoa egungo murrizketei eustea", azaldu du. Zuhur agertu da, nolanahi ere, ez baitakite etorkizunean neurriak berriro jartzera behartuta egongo diren. "Ez dakigu % 100ean hau bukatu denik", gaineratu du.

Indarrean dauden murrizketak ahotan, bihar arte LABIren Batzorde Zientifiko-Teknikoko burua izan denak azaldu du hiru neurriak Lurralde arteko Osasun Batzordean (Espainiako Gobernuak eta erkidegoek osatutakoa) hartutako erabakien ondorio direla. Hala, maskara derrigorrezkoa da barrualdeetan eta kanpoaldean, distantzia gorde ezin denean; espazio handi itxietako edukiera % 80koa izango da, eta, azkenik, barrualdean egiten diren ekitaldietan jan-edanak debekatuta egoten jarraituko du, horretarako jarritako lekuetan salbu (barran, esaterako).

Azken hori kontraesankorra ez ote den galdetuta, Fernandezek esan du neurriak "badaezpadako justifikazioa" duela, baina iragarri du "laster" berrikusiko dutela Lurralde arteko Osasun Batzordean.

Maskararen erabilerari buruz, Estatuak duen eskuduntza izaki, Jaurlaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusia ere badenak uste du "tarte baterako behintzat" jarraituko dutela barrualdeetan, eta aire librean "erabilera arintzen" joango dela, "betiere jende pilaketekin kontuz ibilita".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;