Gizartea -
FUTBOL-ZALAIEN EDUKIERA
EAEko Auzitegi Nagusiak LaLigaren errekurtsoa artxibatu du, futbol-zelaietan edukiera muga kendu ostean
Murrizketak bertan behera uzteak LaLigaren eskaera helbururik gabe uzten duela uste du; izan ere, gaurtik aitzinera, Euskal Autonomia Erkidegoko futbol zelaiek % 100eko edukiera izango dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Justizia Auzitegi Nagusiak artxibatu egin du Futbol Liga Profesionalak Iñigo Urkullu lehendakariaren dekretuaren aurka jarritako helegitea (futbol-zelaietan edukiera % 60ra mugatzen zuen), murrizketarik gabe LaLigaren eskaera helbururik gabe uzten duela iritzita.
Covid-19aren pandemia geldiarazteko neurri murriztaile gehienak bertan behera geratu dira ostegun honetan, besteak beste, futbol-zelaietako edukiera mugatzea. Horrela, hemendik eta aitzinera, Lehen eta Bigarren Mailako euskal taldeek euren zaleekin jokatuko dituzte norgehiagokak, inolako mugarik gabe.
Ostegun honetan zabaldutako autoan, EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak adierazi duenez, "LaLigak egindako kautelazko eskaerak bere helburua galdu du, kontuan izanda hurrengo partidetan edukiera osoarekin jokatu ahal izango dutela".
Joan den astean, Jaurlaritzak ez zuen bat egin Osasuneko Lurralde arteko Kontseiluak Espainiako Estaturako hartutako erabakiarekin, eta edukiera % 60an mantendu zuen. Horren aurrean, Ligak errekurtsoa aurkeztu zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, erabaki hori kautelaz eteteko eskatuz.
Luis Garrido magistratua buru zuen aretoak, baina, atzera bota zuen errekurtsoa, Jaurlaritzari alegazioak aurkezteko denbora emateko. Honek astelehenean aurkeztu zituen.
Dena dela, Euskadin murrizketa-neurrien amaieraren ondorioz, "jada ez dago indarrean" Ligak kentzeko eskatzen zuen murrizketa, eta, beraz, kautelazko eskaerak bere helburua galdu du eta kasua artxibatzea erabaki dute.
Bost eguneko epean Auto horren aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke aretoan bertan.