Gizartea -

La Palma

Cumbre Viejako sumendiaren hegoaldeko koladak kezka piztu du laba masa handia daramalako

Gainera, iparraldeko alpea eraistearen ondorioz, hiru solairuko eraikinen tamainako haitzak garraiatzen ditu labak.

Sumendiaren ipar alpea eraitsi ondoren sortutako kolada. Argazkia: Efe
Sumendiaren ipar alpea eraitsi ondoren sortutako kolada. Argazkia: Efe
Arroka zati erraldoiak, La Palmako sumendiko laban zehar

agencias | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

La Palmako Cumbre Vieja sumendiaren hegoaldean kokatutako kolada, nagusitik gertuen dagoena, da adituak gehien kezkatzen dituena, laba kantitate handia baitarama.

Horixe agertzen da Espainiako Segurtasun Nazionalaren Departamentuak kaleratu duen azken txostenean. Kanarietako Gobernuaren eta Espainiako Geografia Institutuko datuak jasotzen ditu, eta bertan aipatzen da atzo arratsaldean iparraldeko alpea eraitsi zela, eta horren ondorioz kolada gehiago eta haitz handiak atera direla.

Bestalde, kolada berrien eraginez laba Camino de la Gata industrigunera iritsi da eta eraikin eta lur eremu gehiago suntsitu dira. Gaur gaurkoz, 500 hektarea dira labak kaltetutakoak.

Hiru solairuko eraikinen tamainako haitzak

Larunbat arratsaldean sumendiaren iparraldeko alpea eraitsi ondoren laba ibai berri bat askatu zen eta gainean hiru solairuko eraikinen tamainako haitzak daramatza.

Bestalde, Kanarietako Sumendiak elkarteak, geologoek eta sumendi zaleek osatutako kolektiboak, ohartarazi du leherketak izan direla gaur goizaldean sumendian, "ozen" entzun direnak, eta "zoruak, ibilgailuek eta kristalek" dar-dar egitea eragin dutela sei kilometroko erradioan.

Bien bitartean, airearen kalitateak hobera egin du eta horrela jarraitzea espero da, baina lurrikarek aurrera jarraitzen dute, 3ko indarraren azpitik.

Sumendi iraunkorra izango da

Eduardo Martinez de Pison Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Geografia katedradunak Efe albiste-agentziari adierazi dionez, sumendiaren potentzia ikusita, litekeena da erupzioa iraunkorra izatea.

Hala eta guztiz ere, gogorarazi du ez dagoela ez metodorik ez nahikoa ezagutzarik erupzioak zenbat iraungo duen jakiteko. Azaldu duenez, sumendiaren laba iturria "oso oparoa" da, hau da, emari handiko leku batetik ari da elikatzen, eta laba oso arina da, geroz eta oinarrizkoagoa.

Bere esanetan, 1730tik 1736ra iraun zuen Lanzaroteko erupzioa salbu, Kanarietan izandako gainerakoak laburrak izan dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia bideoak Gizartea Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Sumendiak Hondamendi naturalen biktimak La Palma sumendia