Gizartea -
Tiroketa EHU-n
Psikiatriko batean sartu da Leioako campusean tiroka aritu zen gaztea
Orain buruko gaitzen bat ote duen edo tratamendu motaren bat abiatu behar duen erabaki beharko dute espezialistek. Gainera, Euskal Herriko Unibertsitatearen edozein instalaziora hurbiltzeko debekua ezarri eta udan ateratako arma baimena kendu dio epaileak gazteari.
eitb media
Iragan asteazkenean, Leioako (Bizkaia) campusean, atxilotu zuten gaztea aske utzi du epaileak, karguekin eta kautelazko neurriekin, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Kautelazko neurrietako bat psikiatriko batera bidaltzea izan da. Hala ere, EiTB Mediak jakin ahal izan duenez, gaztea borondatez sartu da Osakidetzako erietxe batean. Eskopeta batekin 25 tiro egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) campus barruan.
EHUko ikaslea zentro psikiatrikoko adituen eskuetan geratu da dagoeneko. Orain buruko gaitzen bat ote duen edo tratamendu motaren bat abiatu behar duen erabaki beharko dute espezialistek.
Era berean, gazteari alta ematen diotenean, erabakiaren berri emateko eskatu du Getxoko epaileak, egokitasuna baloratzeko helburuarekin.
Gainera, Euskal Herriko Unibertsitatearen edozein instalaziora hurbiltzeko debekua ezarri eta udan ateratako arma baimena kendu dio epaileak gazteari.
Ikaslea Deustuko ertzain-etxean zegoen, izapideak amaitzeko zain, eta gaur goizean Getxoko epaitegira eraman dute.
Suzko arma goizean bertan erosi zuen 'Milanuncios' atarian, erasoa egin baino gutxi lehenago, eta tiro praktikak egin zituen Gallartako tiro zelaian.
Ikerketako iturriek jakitera eman dutenez, hipotesi nagusiaren arabera, unibertsitatean kalteak soilik egiteko asmoa zuen gazteak, ez zuen inor zauritu nahi.
Horrela, campusean zeuden pertsonak lasaitzen saiatu zen erasoan, "Unibertsitatearen aurka noa" errepikatuz.
Gaztea armarik gabe campusetik ihes egiten saiatu zen, Arboretum lorategitik Artatzako errepidera bidean, baina gutxi geroago atxilotu zuen Ertzaintzak.