Gizartea -

2022KO SANFERMINAK

Litekeena da 2022ko sanferminek egunen bat gehiago irautea, Iruñeko alkatearen arabera

Enrique Mayak aitortu du ez dela ideia propioa, lagun batena baizik, baina ez duela baztertzen. "Egundoko jaiak izan behar dira, denok nahi ditugun sanferminak itzul daitezen".

Caravinagre 2017ko sanferminetan.
Caravinagre 2017ko sanferminetan.
Caravinagre 2017ko sanferminetan.

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi urteko etenaldiaren ondotik, datorren urtean sanferminak ospatuko direla uste du Enrique Maya Iruñeko alkateak; are gehiago, litekeena da egunen bat gehiago ere irautea, igandera arte, uztailaren 17ra arte. "Egundoko jaiak izan behar dira, denok nahi ditugun sanferminak itzul daitezen".

Horixe proposatu du Iruñeko alkateak Diario de Navarra egunkariko podcast batean. Ez da ideia propioa, lagun batena baizik, "baina jaiak luzatzea izan daiteke ideia bat", esan du Mayak. Zentzu horretan, 1960ko hamarkadara arte jaiek eta azokek hilaren 20ra arte irauten zutela gogorarazi du. "Jai luzeagoak plantea daitezke, zezenketa feria handiagoren batekin eta beste ekitaldiren batekin", esan du.

Jaiak modu berezian berreskuratzeko ideia horretan, alkateak lehen mailako artistak Iruñera ekartzea proposatu du, eta Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Enpresarien Elkarteak (AEHN) apustu hori hainbatetan babestu dutela nabarmendu du, kalitatezko turismoa erakartzeko.

Halaber, gogorarazi duenez, 2022an 100 urte beteko dira zezen-plaza inauguratu zutela, eta, beraz, "zerbait esanguratsua egin beharko litzateke zezenketen egitarauan ere", gaineratu du.

Aurten, Udalak iradokizunen postontzia ireki du, herritarrek proposamenak egin ditzaten datorren sanferminei begira. Parte hartu nahi duen orok sanfermin22@pamplona.es helbidera idatz dezake. Azaroan, proposamenak bildu eta publiko egingo dira. "Hori bai, esentziak berdina izan behar du", esan du, eta esker ona adierazi dio Peñen Federazioari.

Alkateak aitortu duenez, sanferminetako zenbait alderdik kezka sortzen diote, kale edanak eta Manadarena bezalako astakeriak esaterako. "Hiri guztietan ohikoa da, baina desagerrarazi egin behar ditugu", adierazi du Mayak. Eta iruindar gehienek gustuko dituzten alderdiak azpimarratu ditu: dianak, kalejirak, erraldoiak eta prozesioa, besteak beste.

Mayak aitortu du kolpe gogorra izan zela 2020ko eta 2021eko sanferminak bertan behera geratzen zirela iragartzea, baina alkatea ilusio handiz agertu da eta datozen jaietarako lanean ari direla onartu du, ia ziur baitago 2022ko sanferminak ospatu egingo dituztela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko bideoak Albisteak Nafarroa Sanferminak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Albisteak Sanferminetako entzierroa