Itxi

2021/10/21

12:54

Gizartea

klima-aldaketa

Nola aurre egin emergentzia klimatikoari? Egunerokorako 13 keinu arrunt

eitb media

IHOBE erakundeak larrialdi klimatikoaren aurkako 52 keinu gomendatu ditu, eta, horiek betetzeko ahalegin mailaren arabera, bost mailatan sailkatu ditu.

  • Janaria soltean saltzen duen herriko denda. Artxiboko argazkia: EITB Media

    Janaria soltean saltzen duen herriko denda. Artxiboko argazkia: EITB Media

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

IHOBE Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak gomendio-sorta argitaratu du, gizabanakoei krisi klimatikoari aurre egiten laguntzeko, 52 keinu txikiren bitartez. Ahalegin mailaren arabera egin du erakundeak ekintza horien sailkapena: oso errazak, errazak, normalak, zailak eta oso zailak.

Hona hemen larrialdi klimatikoari aurre egiteko egunerokorako 13 keinu arrunt:

1) Jar ezazu hondakin organikoetarako edukiontzi bat, konposta egiteko

Hondakin organikoak bereizi (berdin animalia- edo landare-jatorrikoak), eta kaleko edukiontzi marroira bota. Hobe hondakin naturalak konposta egiteko erabiltzea, azkenean zabortegira botatzea baino. Hondakinak desegin egiten dira airean, eta ongarri natural bihurtu. Zabortegian, ordea, airerik gabe, hartzitu egiten dira, eta metanoa isurtzen dute, berotegi-gasetako bat.

2) "Energy Star" logotipoa duten ordenagailuak erosi

Energy Star logotipoa duten ordenagailuak edo monitoreak erosi, ordenagailuak, ondo konfiguratuz gero, geldi dagoenean gutxiago kontsumituko duela adierazten baitu.

3) Arduraz kontsumitu

Edozer erosi aurretik, galdetu zenbat irauteko dagoen eginda, eta hori ere kontuan hartu erosi edo ez erabakitzeko. IHOBEren arabera, arduraz kontsumitzea "hondatzen diren etxetresna elektrikoei bigarren aukera bat" ematea ere bada. Tresnen bizitza luzatuz, zaharkitze programatuari aurre egingo diogu.

4) Klimatizazioa arduraz erabili

Aire girotua etxeko edo lan-espazioko energia-kontsumoaren % 10 izan daiteke. Leihoetan toldoak jarrita, kontsumo hori % 30 baino gehiago murriztu daiteke. Etxea kanpoko haizea freskoagoa denean aireztatzen badugu, eta haizagailuak erabiltzen baditugu, horrela ere klima-aldaketa moteltzen ari gara.

5) Tokian tokiko produktuak kontsumitu

Garraioak zer esan handia du berotegi-gasen isurketan. Gertuko nekazaritzari esker, ez da zertan produktua urrunera eraman edo alferrik ontziratu. Hala, bizi garen lekutik zenbat eta hurbilago ekoiztu elikagaiak, orduan eta gehiago lagunduko dugu klima babesten. Era berean, garaian garaiko frutak eta barazkiak kontsumitzen baditugu, ez kanpotik inportatutakoak, CO2 gutxiago isuriko dugu atmosferara.

6) Begira ezazu nondik datorren zura

Lehengai ugari emateaz gain, basoek haizearen kalitatea ziurtatzen dute, eta karbonoa lotu eta metatu egiten dute. CO2 finkatzen dutenez, oso eraginkorrak dira larrialdi klimatikoari aurre egiteko. Basoak egoki kudeatu eta zaintzeko, garrantzitsua da baso-kudeaketa iraunkorrerako zigilu independenteak dauzkaten zura eta baso-produktuak kontsumitzea (adibidez, PEFC edo FSC).

7) Arduraz egin turismoa

Oporretan, zoazen lekuko produktu naturalak kontsumitu, oporlekuko artisautza erosi edo eskualdeko gastronomiaz gozatu, eta tokian tokiko ekonomia indartzen lagunduko duzu.

8) Hurbileko dendetan erosi

Hurbileko merkataritzak kutsadura murrizten laguntzen duela gogorarazi du IHOBEk, atzera eta aurrera ibili beharrik gabe, erregaitan ezer xahutu gabe eta atmosfera kutsatu gabe.

9) Efizientziaz gidatu

Ahal bada, hobe automobila ez erabiltzea, baina ezinbestekoa bada, hobe modu efizientean gidatzea. Horretarako, martxa luzeak erabiltzea eta erreboluzio baxuak erabiliz gidatzea da gidatzeko modurik efizienteena. Gainera, ingurumenerako plataformak beste zenbait gomendio eman ditu, besteak beste; autobidean gehienezko abiadura errespetatzea, pneumatikoak presio egokian edukitzea eta, geldialdi luzeak egitekotan, motorra itzaltzea.

10) Bizikletaz ibili

Hiri barruan, bizikleta da garraiobide eraginkorrena eta merkeena. Automobilean baino bizkorrago iritsiko zara, erregairik gabe. Bizikleta garraiobide gisa erabilita, berotegi-gasen metaketa arintzen lagun dezakezu.

11) Botilako ura neurriz edan

IHOBEk jakinarazi duenez, munduan, minuturo milioi bat plastikozko botila erosten dira. Botilako uraren ordez iturriko ura edaten hasten den pertsona bakoitzeko, urtean 36 kilo CO2 gutxiago isurtzen dira. Zeure ontzia erabili ura edateko, eta, taberna eta jatetxeetan, iturriko ura eskatu.

12) Marka batzuk saiatzen ari dira aldatzen eta etorkizunean isurketa gutxiago izateko ahaleginean daudenei laguntzen. Haien produktuak erosi

Gero eta enpresa gehiago ari dira jauzi egiten karbono-isurketa gutxiko etorkizunerantz. Ikusi zein enpresak aplikatzen dituzten praktika iraunkorrak, eta horiei erosi. Europar Batasunaren etiketa ekologikoan duzu identifikaturik zein produktuk eta zerbitzuk duten ingurumenarekiko begirunea eta ez diren toxikoak. Saia zaitez hura bilatzen bonbilak, garbigarriak edo etxetresna elektrikoak erosten dituzunean, eta baita hoteletan ere.

13) Fruta, barazkiak, ozpinetakoak eta fruitu lehorrak soltean erosi

Ahal duzun guztietan, ontzirik gabe erosi fruta, barazkiak, hestekiak, ozpinetakoak, lekaleak, fruitu lehorrak eta gailetak. Etxeko zakarretan ontzi gutxiago izango dituzu horrela. Denda askok produktuak ontziratu gabe erosteko aukera ematen dute, eta soltean erostea aukera efizientea da plastiko eta, orokorrean, ontzi gutxiago erabili behar izateko.

Krisi klimatikoaren aurka ekitearen premia

XIX. mende amaieratik, batez besteko tenperaturak 1 °C egin du gora lurrazalean, eta mende honetan zehar ere igotzeko bidean da. 2015ean Parisko Hitzarmenean 190 herrialdek erabaki zutenez, klima-aldaketaren ondoriorik larrienak ekiditeko, 2 °C baino gutxiagokoa izan behar du beroketa globalak.

Inoiz izan diren 18 urte beroenen artean, 17 mende honetan izan dira. IHOBEk azpimarratu duenez, eguzkiaren beroa atmosferaren barruan hertsitzen duten "gero eta gas gehiago" isurtzen dira, eta, ondorioz, "geuk sortua da klima-aldaketa hau".

Euskadik klima-aldaketarako estrategia bat du martxan, Klima 2050, gas-isurketak % 80 murriztea helburu duena.

"Denok egin behar dugu ahalegintxoa. Ez dugu B planik, ez dugulako B planetarik", IHOBEren arabera.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;