Gizartea -
Protestak murrizketen aurka
Ikasle kataluniarrek larunbata arte eutsiko diote itxialdiari
Ehun ikasle inguruk gaua pasatu dute berriz Bartzelonako Unibertsitatean.
Erredakzioa
Otsailaren 29tik murrizketen aurka protesta egiten eta Bartzelonako Unibertsitatea okupatzen ari diren ikasle unibertsitarioek itxialdia larunbata arte luzatzea erabaki dute bart.
Erabakia asanblean hartu dute ehun ikasle inguruk, Bartzelonako Unibertsitatearen eraikin historikoaren atondoan.
Errektoretza ikasleekin harremanetan jarri da, eta larunbatean alde egin ezean, Esquadra Mossoek eraikina hustu egingo dutela ohartarazi die.
Asanblean gutxieneko akordio bat ere adostu dute, atxilotutako guztiak kargu gabe aske uztea, tasa unibertsitarioak ez igotzea, bigarren deialdia ezabatzea eta murrizketetan atzera egitea eskatzeko.
Hori horrela, eztabaida soziala sustatu nahi izan dute, eta Gobernuaren murrizketen aurrean intsumizioa egiteko dei egin dio Unibertsitateari.
Asteazkenean 12 gazte atxilotu zituzten, Bartzelonan izan ziren istiluen ondorioz, eta atzo aske utzi zituzten, baina zitazioa dute epailearenera joateko.