Gizartea -

Koronabirusa

Agerraldi berri bat izateko "puntu kritikoan" dago Europa, OMEren arabera

Hans Kluge OME-Europako zuzendariaren arabera, "Europa pandemiaren epizentroan dago berriro, duela urtebete geunden lekuan. Gure alde dugu, gaur da gehiago dakigula eta gehiago egin dezakegula". Txertaketa indartu beharra eta neurriak berreskuratzea defendatu du.

Txertoen aurkako martxa, atzo, Ukrainian; 3800 hildako izan dira han azken astean. EFE
Txertoen aurkako martxa, atzo, Ukrainian; 3800 hildako izan dira han azken astean.
Munduko Osasun Erakundeak eta EMAk Europa une kritikoan dagoela ohartarazi dute

2:12

Agentziak| Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) ostegun honetan ohartarazi duenez, koronabirusaren pandemiaren egoera "oso kezkagarria" da Europan; azken asteetako kasuen igoera azaltzeko arrazoien artean txertoen irismen eta estaldura eskasa eta neurri murriztaileak lasaitu izana leudeke.

"Pandemiak beste agerraldi bat izateko puntu kritiko batean gaude. Europa pandemiaren epizentroan dago berriro, duela urtebete geunden lekuan. Gure alde dugu gaur  gehiago dakigula eta gehiago egin dezakegula", esan du Hans Kluge OME-Europako zuzendariak prentsaurrekoan.

Klugek "proaktiboki" jokatzeko beharra azpimarratu du, eta neurri sozialak eta osasun publikokoak berriz ezartzea defendatu du. Azaldu duenez, egungo bilakaerak bere horretan jarraitzen badu, 2022ko otsailaren 1era arte Europan eta Asia erdialdean milioi erdi pertsona hil daitezke.

OMEren Europako eskualdean -Europako eta Asia erdialdeko 53 herrialde barne hartzen dituena- 1,8 milioi kasu berri hauteman ziren joan den astean eta 24.000 pertsona hil ziren covid-19ak jota. Azken lau asteotan transmisioaren gorakada % 55ekoa izan da Europan.

Kasuen gorakada adin talde guztietan orokorra den arren, OMEk kezkagarritzat jo du, bereziki, adineko pertsonen artean gertatzen ari den igoera "azkarra". Izan ere, azken asteotan hil direnen % 75ek 65 urtetik gora zituzten.

Azken asteetan hogeita hiru herrialdek neurri sozialak indartu izana goraipatu du Klugek, baina beste zazpik neurri horiek lasaitu izana kritikatu du, eta agintariei eskatu die neurri horiek berriro hartzeko aukera azter dezatela berriz. 

"Proiekzio fidagarrien" arabera, % 95eko maskararen erabilera orokortuak otsailera arte kalkulatutako milioi erdi heriotzetatik 188.000 saihestuko lituzke, OMEk ziurtatu duenez. Beste neurri batzuk ere aipatu ditu, hala nola testak, kontaktuen miaketa, espazio itxien aireztapena eta distantzia fisikoa.

"Gure taktika aldatu behar dugu, covid-19 agerraldi berrien aurrean erreakzionatu beharrean, haiei aurre hartu eta gerta ez daitezen lortu behar dugu", adierazi du Klugek.

Kasu berrien errekorretik gertu egon arren, txertoari esker heriotzak erdira murriztu direla esan du Klugek, baina herrialde desberdinetako estaldura eskasa arazo bat da egoerari aurre egiteko; izan ere eskualdeko zortzi herrialdek populazioaren % 70 gainditzen duten arren, beste batzuetan, kopurua ez da % 10era iristen.

Hori dela eta, OMEk azpimarratzen du garrantzitsua dela herrialde horietako lehentasunezko taldeetan estaldura handitzea eta dosiak partekatzeko "elkartasun globala".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Txertoak Koronabirusa Munduko Osasun Erakundea Maskarak