Gizartea -
IHESALDIA
Palman lur hartu zuen hegazkinetik ihes egindako 12 atxilotuek epailearen aurrean deklaratuko dute gaur
Magistratuak erabakiko du jatorrizko herrialdeetara itzuli edo kautelazko beste neurriren bat hartuko den. Bien bitartean, Polizia ihes egindako gainerako bidaiarien bila dabil, eta ihesa Facebooken antolatu ote zen ikertzen.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Epailearen aurrean deklaratuko dute gaur arratsaldean Palman urgentziaz lur hartu zuen hegazkinetik ihes egin zuten 12 atxilotuek. Desordena publikoa egotzi badiete ere, ez dute baztertzen beste delitu batzuk ere leporatzea. Epaileak erabakiko du beren herrialdera itzuli edo kautelazko beste neurriren bat ezartzea.
Bien bitartean, Poliziak ihes egindako gainerako bidaiarien bila jarraitzen du, 12 inguru, eta hegazkineko bidaiarien ihesa Facebook bidez antolatu ote zen ikertzen ari da.
Air Arabia Maroc konpainiako hegazkin batek lur hartu behar izan zuen Palmako aireportuan urgentziaz, ostiralean, 19:00ak aldera, bidaiari baten osasun-larrialdi baten ondorioz.
Hogei bat bidaiarik, baina, osasun-zerbitzuak hegazkinera iritsi zirela aprobetxatuz, ihes egiteko aprobetxatu zuten. Gauzak horrela, Guardia Zibilak aireportua itxi eta hegaldiak desbideratu zituen, segurtasun-neurri gisa.
Ustezko osasun-larrialdia zuen bidaiaria Son Llàtzer Ospitalean atxilotu zuten, ospitaleko alta jaso ondoren, legez kanpoko immigrazioa eta atzerritartasun legea haustea egotzata. Gertuko iturriek astelehen honetan jakitera eman dutenez, gainera, gizona 2020an atxilotu zuten Espainian, kalteak eragin eta agintaritzari aurre egiteagatik.
Gainerako atxilotuak Palmako Manacor kalean, Marratxiko Sa Cabaneta eta Es Figueral kaleetan eta Son Sant Joan aireportuaren inguruan atxilotu zituzten, baina Polizia Nazionala eta Guardia Zibila ihes egin zuten gainerako bidaiarien bila ari dira.
Espainiara modu irregularrean sartzeko metodo bat izan liteke, Poliziaren arabera
Hegazkinaren ihesa Facebookeko talde baten bidez antolatu ote zen ikertzen ari da Polizia Nazionala. Sare sozial horretan Magrebtar gazte talde bat ote dagoen zehazten saiatzen ari dira. Talde horretan, Espainian airez sartzeko moduaz hitz egiten da, eta ostiralean Balearretako hiriburuko aerodromoan gertatutakoaren antzekoa izango litzatekeen metodo bat deskribatzen da.
Espainiako Gobernuak Balear Uharteetan duen ordezkariak, Aina Calvok, larunbatean azpimarratu zuenez, "ostiral gauean Palman bizitakoa sekula aurretik bizi gabekoa da Espainiako aeroportu batean".
Calvoren esanetan, atxilotuek "gutxienez itzulketa espedientea izango dute, Espiniara modu irregularrean iritsi diren pertsonak direlako, eta agintari judizialak hala erabakitzen duenean, jatorrizko herrialdeetara itzuliko dituzte".