Gizartea -

Costumero auzia

EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota du Aldundia absolbitzen zuen epairen kontrako Irune Costumeroren helegitea

Aretoak ebatzi duenez, auzipetuak absolbitzeko Bizkaiko Lurralde Auzitegiak emandako "arrazoibideak ez dira, inondik inora, oinarririk gabekoak". Ama bizkaitarrak kasazio errekurtsoa aurkez dezake epaiaren aurka.

Costumero, Auzitegiaren atarian. Argazkia: EFE
Costumero, Auzitegiaren atarian.
Costumero, Auzitegiaren atarian. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Auzitegi Nagusiaren Arlo Zibileko eta Zigor Arloko Salak atzera bota du Bizkaiko Foru Aldundia absolbitu zuen epaiaren kontra Irune Costumero ama bizkaitarrak aurkeztutako helegitea. Bizkaiko Lurralde Auzitegiak Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatua eta Bizkaiko Foru Aldundiko Haurren Zerbitzuko hiru funtzionarioak absolbitu zituen Costumerori alabaren zaintza kentzeagatik abiatutako auzian.

Epaiketa ekainean egin zuten, Costumerok Bizkaiko Foru Aldundiaren funtzionarioen kontrako salaketa jarri eta lau urtera. Ama bizkaitarrak salatu zuenez, bost urteko alabaren zaintza kendu zion foru erakundeak, epaile baten agindua izan gabe eta Gurasoen Alienazioaren Sindromea (GAS) sindrome faltsua erabilita. Bizkaiko Lurralde Auzitegiak lau funtzionarioak errugabetu zituen. Epai horren arabera, Aldundiaren jarduna "ezin zen prebarikazio delitutzat jo" eta beste bi delituak (tratu txarrak eta lesio psikikoak) frogatzeko "ez zen froga nahikorik aurkeztu".

Orain, Auzitegi Nagusiaren Arlo Zibileko eta Zigor Arloko Salak epai hura berretsi du, Costumeroren helegitea atzera botata. Horren ustez, "absoluzioa egokia da emandako arrazoibideak ez direlako, inondik inora, irrazionalak edo oinarririk gabekoak".

Gaur emandako epaian Salak jaso duenez, Costumerok "bere ustez garrantzitsuak diren inkongruentziak agerian uzten ditu, baina ez du esaten Lurralde Auzitegiak egindako balorazioa irrazionala edo ez nahikoa denik". Horren ordez, "gertakari ezberdin batzuen balorazio alternatibo bat proposatzera mugatzen da". Horrez gain, alegazioen zati handi bat "Sala honek entzun ezin duen grabazio batean oinarritzen du" (Costumerok berak 2017ko abuztuaren 4an grabatutako audioaz ari da, umea eraman zuteneko unearena).

Goi Auzitegiaren ustez, Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren ebazpenak "egoki azaltzen ditu foru araua arbitrarioa izan ez zela argudiatzeko arrazoiak", eta besteak beste, ez delako "zehazten zein gorako arau urratu zen" edota ez dagoelako "adingabea babesgabe geratzeko zuen arriskua frogatzeko proba nahikorik".

Ama bizkaitarrak bost eguneko epea du orain epai horren kontrako kasazio helegitea aurkezteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak EAEko Justizia Auzitegi Nagusia Bizkaiko Foru Aldundia albisteak