Gizartea -
NAFARROA
Espetxe iraunkor berrikusgarria kendu eta 45 urteko kartzela ezarri diote Kasedako hilketen egilearen semeari
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko magistratuen arabera, aitari eskopeta eman zion semeak ez zuen heriotzen kausa egitatea menderatu, hots, ezin izango zituzkeen tiroak saihestu.
AGENTZIAK | EITB Media
2018an Nafarroako Kaseda herrian izandako hilketa hirukoitzaren kasuan, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak partzialki ezeztatu du hilketak burutu zituen gizonaren semeetako bati jarritako zigorra. Zehazki, espetxe iraunkor berrikusgarria kendu dio, eta, horren ordez, 45 urteko kartzela zigorra ezarri dio Emiliori, 15 urtekoa hilketa bakoitzarengatik.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko magistratuen arabera, aitari eskopeta eman zion Emilio semeak ez zuen heriotzen kausa egitatea menderatu, hots, ezin izango zituzkeen tiroak saihestu ezta heriotza kopurua murriztu ere.
Kasedak hilketak epaitu zituen herri-epaimahaiak hilketengatik errudun jo zituen Juan Carlos eta Emilio aita-semeak. Juan Carlos aitari 40 urteko kartzela zigorra ezarri zioten bi hilketa deliturengatik eta espetxe iraunkor berrikusgarria, ostera, hirugarren hilketa delituarengatik.
Zigor Kodearen 2015eko erreformaren arabera, bi pertsona baino gehiago hiltzeagatik zigortutakoari ezarriko zaio espetxe iraunkor berrikusgarria.
Juan Carlos aitari eskopeta ematea egotzi zioten Emilio semeari. Lehen epaiaren arabera, hilketen ezinbesteko laguntzaile izan zen: "eskopeta ateratzeko aginduari men egin zion, eta bazekien kargatuta zegoela". Horrenbestez, 15 urteko espetxe zigorra jarri zioten bi hilketagatik eta espetxe iraunkor berrikusgarria, berriz, hirugarren hilketagatik. Orain, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du kartzela iraunkor berrikusgarria, eta, horren ordez, 45 urteko zigorra bete beharko du.
Juan Carlos semea, berriz, errugabea dela ebatzi zuen herri-epaimahaiak, eskopeta prestatzen lagundu zuela ziurtatzeko frogarik ez zegoela argudiatuta.
Aldeek Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurkako helegitea aurkeztu dezakete Auzitegi Gorenean.