Gizartea -

KORONABIRUSA

Ariketa fisikoak covid iraunkorraren tratamenduan lagun dezakeen ikertzen ari dira NUPen

SARS-CoV-2 koronabirusean positibo eman eta alta jaso zutenetik hilabeteak igaro arren oraindik sintomak dituzten 18 eta 60 urte arteko iruindarrak ari dira entsegu klinikoan parte hartzen.

Buruko mina da covid iraunkorraren sintoma nagusietakoa. Irudia: pixabay
Buruko mina da covid iraunkorraren sintoma nagusietakoa.
Buruko mina da covid iraunkorraren sintoma nagusietakoa. Irudia: pixabay

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) covid iraunkorraren sintomak ariketa fisiko programa zehatz batekin arindu ote daitezkeen ikertzen ari da udatik.

Esku artean duten hipotesiaren arabera, osagai anitzeko ariketa fisiko programa bat ohiko tratamendu medikuari gehituz gero, gutxitu egin daitezke koronabirusa gainditu duten pertsonen sintoma iraunkorrak, eta, halaber, euren profil immunologikoa hobetu daiteke, gaixotasun honek sortu ohi duen prozesu inflamatorioa arinduz. Gorputzaren baldintza eta osaera, funtzio baskularra eta metabolismoa ere hobetu ote daitezkeen ikertzen ari dira.

Entsegu kliniko hori egiteko, Iruñean bizi diren 18 eta 60 urte arteko hainbat lagun hautatu dituzte, zoriz. Baldintza bakarra da SARS-CoV-2 koronabirusean positibo eman eta alta jaso zutenetik gutxienez hiru hilabete igaro arren oraindik sintomak izatea. Sintoma horiek nekea, buruko mina, giharretako mina, arnasa hartzeko zailtasunak, antsietatea, estresa, lo egiteko ezintasuna, umore aldaketa eta pisu galera izan daitezke.

"Osasun sisteman txertatu ahal izango litzateke"

Oraingoz, entsegua egiteko behar dituzten pertsona kopuruaren erdia baino gehiago lortu dute, eta dena espero bezala joanez gero, eta hipotesia baieztatzen badute, "egungo osasun sisteman txertatu ahal izango litzateke", arduradunen hitzetan.

Horien esanetan, covid-19a infekzio berria den arren, egiaztatuta dago jada gainditzen duten pertsona askori nekea eta arnasestua sortzen zaiela esfortzu txikiak egiten dituztenean, baita mina artikulazioetan eta bularrean ere. Sintoma horiei organo batzuen disfuntzioak gehitu behar zaizkie, gainera; bihotzekoak, biriketakoak eta garunekoak, batez ere.

Proiektuaren arduradunek esan dutenez, ebidentzia esperimental berriaren arabera, gihar eskeletikoa gai da gradu baxuko inflamazio edo hantura subklinikoa aldatzeko eta sistema immunea eta sistema kanabinoidea moldatzeko. Ariketa fisiko saio batek hanturaren kontra egiten duela eta horren eragina maiztasunaren, intentsitatearen eta egindako ariketaren iraupenaren araberakoa izan daitekeela ere baieztatu dute.

Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren finantzazioa lortu du programak. Mikel Izquierdo Redin Osasun Zientzietako katedradun eta Navarrabiomedeko E-Fit Ariketa Fisikoa eta bizi kalitatea aztertzen duen taldeko arduradunak zuzentzen du, Robinson Ramirez-Velez irakaslearekin batera, eta Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Barne Medikuntza zerbitzuko Julio Oteiza Olaso eta Patricia Fanlo Mateo medikuak ere ari dira programan parte hartzen.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Nafarroako Unibertsitate Publikoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Medikuak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Ongizate fisikoari buruzko albisteak