Gizartea -
Gabonak Bilbon
Azaroaren 24n piztuko dituzte Gabonetako argiak Bilbon
Udala egunotan hasi da argiztapena instalatzen. Horrez gain, iaz egin izan ez ziren ekintzak egin ahal izango dira aurten, izotz ekologikoko pista eta txirristak, Gabonetako Azoka eta haurrentzako karpa, besteak beste.
O. P. | Eitb Media
Bilboko Udala buru-belarri ari da Gabon jaiak prestatzen, eta azaroaren 24an piztuko dituzten argiak instalatzen ari dira dagoeneko. Gabonetako ohiko jarduera eta ekintzak antolatzeko lanak ere aurrera doaz.
Pandemiaren ondorioz iaz egin izan ziren hainbat ekintza egin ahal izango dira aurten berriro, hala nola izotz ekologikoko pista eta txirristak, merkataritza-eskaintza zabala izango duen Gabonetako Azoka, eta haurrentzako karpa, haiei zuzendutako programazioarekin.
Jarduera horiek guztiak #BilbaoGabonak proiektuaren parte dira, Gabonetan garatuko diren eta datozen egunetan iragarriko diren jardueren programa zabalaren parte, hain zuzen. Udaletik adierazi dutenez, "#BilbaoGabonak proiektuaren bidez hiribildua erakargune garrantzitsu bihurtzeko eta Gabonetan ere aisialdirako eta kulturarako erreferentzia izateko helburua indartu nahi da".
Hala, aurten ere, izotz ekologikoaren gaineko patinaje-pistak 800 metro karratu izango ditu (Estatuan horrelako handienetakoa izango da), eta horren erdia estalita egongo da, eguraldi txarra egiten duenerako. Pista, ohi bezala, Areatzako kaian kokatuko dute. Txirrista handia, berriz, Erripako kaian jarriko dute, eta sei errei izango ditu irristatzeko.
Bi jarduerak azaroaren 25etik aurrera egongo dira martxan, eta bakoitzak prezio bat izango du. Izotz-pistaren kasuan, 3 euro ordaindu beharko dira 30 minutuz irristatzearen truke (patinak barne), eta 2 euro familia ugariek; txirristan, berriz, 2 euro ordaindu beharko da pertsonako, erreietatik hiru aldiz jaisteko aukera izateko.
Sarrerak leihatiletan nahiz online eskuratu ahalko dira, webgune honetan: www.bilbaopistadehielo.com. Talde-erreserbak (20 pertsona baino gehiago) egiteko, mezu elektroniko bat bidali behar da reservasgabonak@proasur.com helbidera, edo bezeroa artatzeko 610 124 552 telefono-zenbakira deitu behar da.
Ordutegiari dagokionez, instalazioak 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era egongo dira zabalik astean zehar, baina asteburu, jaiegun eta eskolarik gabeko egunetan 16:00etatik 21:00etara egongo da zabalik. Maskara une oro erabili beharko da nahitaez.
Bi azpiegiturak Xtraice nazioarteko enpresak diseinatu ditu, izotz ekologikoaren fabrikazioan eta banaketan aitzindaria den enpresak. Material berritzaileak, abangoardistak eta jasangarriagoak dira, eta ur-pista izoztu baten patinaje-sentsazioa ematen dute. Produktu horrek ingurumena errespetatzen du eta % 100 birziklagarria da. Apustu honekin, Bilboko Udalak ur eta elektrizitate asko aurreztuko du eta atmosferara hainbat CO2 tona isurtzea saihestuko da.