Itxi

2021/11/16

09:59

Gizartea

Koronabirusa

Zein autonomia erkidegok eskatzen dute dagoeneko covid-19 pasaportea?

E.G | O.P. | EITB Media

EAEko eta Nafarroako gobernuek ziurtagiria ezartzeko izapideak azkartu dituzte. Ipar Euskal Herrian indarrean da osasun baimena, baita Espainiako Estatuko hainbat erkidegotan ere, Katalunian edo Galizian, kasu.

  • Pertsona bat bere covid-19 pasaporte digitalari begira.

    Pertsona bat bere covid-19 pasaporte digitalari begira. Eitb-ren bideo batetik ateratako irudia.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Covid-19aren intzidentziaren igoera dela medio, prebentzio neurri berriak hartzen ari dira gobernuak, zenbait egoera edo sektoretan covid-19 pasaportea eskatzeko, esate baterako. 

Jaurlaritzak iragarri duenez, EAEko Auzitegi Nagusiari bermea eskatuko dio gaueko aisialdian eta ostalaritzan ezarri ahal izateko. Nafarroako Gobernua gaueko aisialdiko sektorearekin neurria ezartzea negoziatzen ari da.

Osasun baimena (gaixotasuna igarota, txertaketa pauta osoa jarrita edo test negatibo bat gaindituta izanez gero) indarrean dago jada Ipar Euskal Herrian, eta nahitaez erakutsi behar da zinema-areto, antzoki edo estadioetara sartzeko, bai eta taberna, kafetegi edo jatetxeetara sartzeko ere. Espainiako Estatuan gaueko aisialdiko lokaletara sartzeko eskatzen dute pasaportea Katalunian, Galizian eta Murtzian, dagokion berme juridikoarekin. Aragoin ere erabiltzen da, baina beste modu batera: aisialdi eta ikuskizunen sektorean gomendatu egiten dute "onarpen eskubidearen babespean". 

Neurriak eztabaidak eragiten ditu. Irailean, esaterako, Galiziako Justizia Auzitegi Gorenak atzera bota zuen aisialdi eta ostalaritza establezimenduetan covid-19 pasaportea erakusteko Galiziako Xuntak ezarritako neurria, eta hark helegitea aurkeztu ondoren, Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki zuen azkenean gaiaren gainean. 

Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salako Laugarren Atalak "neurri egokia, beharrezkoa eta proportzionala" zela ebatzi zuen, honakoa argudiatuta: "Kutsatzeak nabarmen murrizteak suposatzen duen onura askoz handiagoa da lokaletara sartzeko dokumentazioa aurkezteko eskakizunak dakarren sakrifizioa baino".

Ximo Puig Valentziako presidenteak ziurtatu duenez, bere gobernua "prozesu legalak bizkortzen ari da, zentro jakin batzuetan covid-19 ziurtagiria ezarri ahal izateko" eta "ahulenak babesteko". Puigek ez du zehaztu zein espaziori buruz ari zen, baina, gerora zehaztu duenez, "kutsatze gehien izan daitezkeen tokiak izango dira, maskarekin egotea zaila den espazio itxiak".

Bestalde, Julio Garcia Comesaña Galiziako Osasun kontseilariak aurreratu duenez, lanean ari dira aste honen amaieran covid-19 ziurtagiria ezartzeko ospitaleetara doazen herritarrentzat.

Segurtasun juridikoa

Oinarrizko eskubideei eragiten dien heinean, berme juridiko guztiak izan behar ditu neurriak. Ixusko Ordeñana EHUko Zuzenbide Prozesaleko irakasleak Euskadi Irratian azaldu duenez, "ez dago jurisprudentzia argirik; izan ere, horretarako, Auzitegi Gorenak gutxienez bi aldiz eman beharko luke zentzu bereko epaia, eta behin bakarrik egin du oraingoz".

Ordeñanaren ustez, "Estatu mailako lege argi bat" egon beharko litzateke, autonomia erkidego guztietan aplikatu ahal izateko.

Hala ere, adituak onartu du Aragoiko formula izan daitekeela aukerarik garbienetakoa, onarpen eskubidearena, alegia. 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;