Gizartea -

Koronabirusa

EAEn covid ziurtagiria ezartzea neurri "egokia, beharrezkoa eta proportzionatua" dela ebatzi du Gorenak

Orain, ebazpena jaso ostean, gaueko aisialdiaz eta ostalaritzaz harago, covid ziurtagiriaren derrigortasuna beste esparru batzuetara zabaldu ahal izatea aztertuko du Jaurlaritzak.

Covid ziurtagiria Osakidetzaren webgunean deskarga daiteke. Argazkia: EFE.
Covid ziurtagiria Osakidetzaren webgunean deskarga daiteke.
Covid ziurtagiria Osakidetzaren webgunean deskarga daiteke. Argazkia: EFE.

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak helarazi dio jada Eusko Jaurlaritzari covid ziurtagiria ezartzea ontzat ematen dueneko epaia. Aldeko erabakia ezaguna zen, baina orain xehetasun juridikoak aztertu ahalko ditu Jaurlaritzak. Hori eginda, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak emandako agindu baten bidez ezarriko dute Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), "berehala". Besteak beste, gaueko aisialdian eta 50 mahaikide baino gehiagoko jatetxeetan eskatuko dute.

Gorenak bere ebazpenean jaso duenez, neurri "egokia, beharrezkoa eta proportzionatua" da EAEn covid ziurtagiria ezartzea, birusaren transmisioa eten nahi bada. Joan den irailaren 14an Galizian pasaportea eskatzea baimentzeko emandako argudio bertsuak jaso ditu Gorenak testu horretan.

Gaur-gaurkoz, txertatutako herritarren kopurua altua bada ere, kutsatzeak ez direla eteten ohartarazi dute magistratuek ebazpenean. "Ez dakigu zenbat denboraz izango den eraginkorra immunizazioa, eta ez dago zalantzarik txertorik hartu ez dutenen kopuru nahikoa dagoela, 12 urtetik beherakoak, birusa eta, beraz, gaixotasuna, beren artean eta gainerako herritarren artean zabaltzeko", zehaztu dute.

EAEko Auzitegi Nagusiak covid-19 ziurtagiria ez baimentzeko arrazoien artean, oinarrizko hainbat eskubideren urraketak aipatu zituen: berdintasun eta intimitatearena, elkartzeko eskubidea, toki publikoetara sartzeko edonork duena, edota karaokeetan landu daitekeen sorkuntza artistikoarena, besteak beste. Gorena ez dator bat argudio horrekin, uste baitu pandemiaren egungo egoera aurreko olatuetakoa baino arinagoa izateak ez duela justifikatzen "beharrezko prebentzio neurriak ez hartzea", iraganeko agertoki kritikoak ez errepikatzeko.

Ildo horretan, Galiziako egoerarekin parekatu du EAEkoa Gorenak, eta "ageriko antzekotasunak" ikusten ditu bi erkidegoen artean. Hala, hainbat tokitan covid ziurtagiria ezartzea "neurri egokia" dela deritzo, birusaren transmisioa eteteko. Halaber, beharrezkotzat jo du, lokal eta establezimenduen aktibitatean ez duelako "aparteko eraginik" izango eta ez delako beste neurri murriztaile batzuk bezain "erasokorra". Hori guztia aintzat hartuta, Gorenaren ebazpenaren arabera, "neurri proportzionatua" da "osasun publikoa zaintzeko" eta "pandemiaren arriskuak murrizteko". Halaber,  pasaportea eskatzeak "berdintasun eta intimitate eskubideetan" eragin txikia duela adierazi dute magistratuek. Kaleratutako testuan, gainera, EAEko Auzitegiari kritika egiten zaio, ez dituelako aintzat hartu beste auziegiek eta Gorenak berak aurretik emandako sententziak.

Antonio Jesus Fonseca magistratuaren boto partikularraren arrazoiketa ere jasotzen du ebazpenak. Jaurlaritzaren errekurtsoa atzera botatzearen alde bozkatu du hark, neurria ez dela proportzionatua argudiatuta. Horren hitzetan, Jaurlaritzak ez du behar bezala justifikatu ziurtagiria eskatzeko arrazoia, eta, horrez gain, "berdintasun eta intimitate eskubideei gogor eragiten die" neurri horrek.

ETBko "Egun On Euskadi" saioan egindako elkarrizketan, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako eledunak esan du Gorenaren ebazpenak agerian utzi duela Jaurlaritzaren eskaria "bidezkoa, egokia eta eraginkorra" dela.

"Gorenaren sententziak adierazten du Jaurlaritzak egin zuen eskaria bidezkoa, egokia eta eraginkorra dela"
"Gorenaren sententziak adierazten du Jaurlaritzak egin zuen eskaria bidezkoa, egokia eta eraginkorra dela"
"Gorenaren sententziak adierazten du Jaurlaritzak egin zuen eskaria bidezkoa, egokia eta eraginkorra dela"

6:24

Jaurlaritzaren asmoa da intzidentzia metatua 150etik gorakoa den artean indarrean egotea covid pasaportea. Gaur egun, 500 puntuen langa gaindituta du izurriaren eraginak. Nafarroaren eta Ipar Euskal Herriaren bidetik joango da, horrenbestez, EAE ere.

Hiru ziurtagiri mota daude: txertaketa-ziurtagiria (pauta osoa jaso dutenentzat), errekuperazio-ziurtagiria (PCR proban positibo eman ostean gaitza igaro dutenentzat) eta proba negatibo baten ziurtagiria (gehienez ere 48 ordu lehenago egindako antigenoen proban edo gehienez ere 72 ordu lehenago egindako PCR proban negatibo eman dutenentzat). EAEn, Jaurlaritzak covid ziurtagiria ezartzeko asmoa agertu zuenetik, milioi bat pasatxo ziurtagiri deskargatu dira, eta 10 aldiz biderkatu ziren eskaerak oso egun gutxitan.

Behin ebazpena jasota, gaueko aisialdiaz eta ostalaritzaz harago, covid ziurtagiriaren derrigortasuna beste esparru batzuetara zabaldu ahal izatea aztertuko du orain Jaurlaritzak.  Iñigo Urkullu lehendakariak atzo aurreratu zuenez, ziurtagiri hori beste gune batzuetara sartzeko ere nahitaezkoa izatea nahiko lukete, baina ez zuen argibide gehiago eman.

Bestalde, osasun-larrialdiko egoera gaur aktibatu da berriro Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iñigo Urkullu lehendakariak atzo bertan erabaki zuen Auzitegi Gorenak covid pasaportearen inguruan eman behar duen ebazpenari ez itxarotea, eta arratsaldean sinatu zuen dekretua. Horrela, larrialdi-egoera aktibatzeko agindua gaur argitaratu dute EAEko Aldizkari Ofizialean.

Gainera, LABI instituzionala arratsaldean bilduko da, 16:30ean, egoera aztertzeko.

Larrialdi egoera aktibatzea Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eskatu dio lehendakariari, azken asteetan pandemiak okerrera egin baitu.

Aurreko osasun-larrialdiko egoera urriaren 7an desaktibatu zuen lehendakariak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Auzitegi Gorena Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa Osasun larrialdia Covid ziurtagiriaren berriak