Itxi

2021/08/30

15:08

Gizartea

KORONABIRUSA

Publikoarekin aurrez aurre aritzen diren Ipar Euskal Herriko langileek covid ziurtagiria izan beharko dute

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Bete ezean, enpresaburuak edo arduradunak urtebeteko espetxe-zigorrari eta 9.000 euroko isunari aurre egin beharko dio.

  • Jendea museo batean sartzeko zain.

    Jendea museo batean sartzeko zain. EFEren artxiboko irudia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Covid ziurtagiria errealitate bat da jada Ipar Euskal Herrian. Derrigorrezkoa da taberna, hotel eta bestelako lokaletan sartzeko osasun-pasaportea, eta, gainera, astelehen honetatik aurrera, establezimendu publiko eta pribatuetan publikoarekin harremanetan lan egiten duten 1,8 milioi pertsona inguruk izan behar dute txartel hori, lanean jarraitzeko.

Elisabeth Borne Frantziako Lan ministroaren arabera, neurri honen helburua kutsatzeak saihestea eta pandemiaren lehen hilabeteetan bertan behera geratu ziren jarduerak "irekita mantentzea" da.

Ildo horretan, taberna, jatetxe, zinema, antzoki, museo, gimnasio, kirol-instalazio edo publikoarekin zuzeneko harremana duten administrazioetan lan egiten duten pertsona guztiek frogatu behar dute txertaketaren pauta osoa jarrita dutela, PCR edo antigenoen test negatiboa dutela edo gaixotasuna duela sei hilabete baino gutxiago pasa dutela.

Enpresaburu batek edo administrazio-arduradun batek ez badu ziurtatzen bere enpresan lan egiten duen pertsonak ziurtagiria duela, urtebeteko espetxe-zigorra eta 9.000 euroko isuna ezarriko zaizkio. Arau-haustea izatera, arduradunak bi hilabetez eten dezake langilearen lan-kontratua, soldatarik gabe utziz.

Neurri hori Emmanuel Macron Frantziako presidenteak uztailaren 12an egindako iragarpenaren ostean hartutako legean jasota dago. Bornek zehaztu duenez, "oraingoz" ez dago aurreikusita arau hori langile guztiengana zabaltzea. Adibidez, jatetxe bateko zerbitzariak ziurtagiria eduki behar du, baina ez da nahitaezkoa sukaldean lan egiten duenarentzat, ez baitie bezeroei zuzeneko arreta ematen.

Ziurtagiria derrigorrezko bihurtzeak protestak eragin ditu Ipar Euskal Herrian eta Frantzian, eta hil honen hasieran, esaterako, negozio horietako askok bezeroen beherakada nabaritu dutela adierazi dute.

Hala ere, Bruno Le Maire Ekonomia eta Finantza ministroak uste du "aldi baterako eragina" izan dela eta kontsumoa, inbertsioa eta kontratazioa ez direla moteldu.

Ministroaren hitzetan, azken bi hilabeteetan enpresaburuen moralari buruzko datuek izan duten atzerakada eragin duen elementu bakarra "kontratatzeko zailtasuna" da, eta arazo hori "ez da koiunturala" zenbait sektoretan, jatetxeetan adibidez.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;