Gizartea -

Koronabirusa

Lehendakariak udalei: "Administrazio bakoitzaren ardura da bere eskumen eremua kudeatzea"

Iñigo Urkulluk gogorarazi duenez, osasun larrialdi egoera bertan behera geldituta, eta LABI desaktibatuta, neurriak euskal administrazioko erakunde guztiekin partekatzen badira ere, Eusko Jaurlaritzak ezin ditu neurri murriztaileak ezarri.

Iñigo Urkullu, gaur. EITBren bideo batetik ateratako irudia.
Iñigo Urkullu, gaur. EITBren bideo batetik ateratako irudia.
Iñigo Urkullu, gaur. EITBren bideo batetik ateratako irudia.

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak udalei gogorarazi die covid-19a saihesteko neurriak euskal administrazioko erakunde guztiekin partekatzen direla, hau da, Jaurlaritzarekin, aldundiekin eta udalekin, baina "bakoitzak jakin behar duela zeintzuk diren bere erantzukizun eta betebeharrak".

Jarduera jendetsuak mantentzeko edo bertan behera uzteko ardura udalena dela jakin ostean zenbait udal agintarik izan duten desadostasun jarreraren inguruan galdetu diote gaur goizean lehendakariari.

Urkulluk argitu duenez, bi garai bereizi behar dira: alde batetik, abuztutik urrira bitartean indarrean zegoen osasun-larrialdia, LABI eta "gure lan-metodologia, jarraibideak eta mugak ezartzen zituen" Biziberri plana indarrean zeudenekoa; eta, bestetik, oraingo egoera berria, osasun-zaintza egoeraren, non ez dagoen "erabakiak har ditzakeen organo bat, LABI bat".

Lehendakariak gogorarazi duenez, testuinguru berri honetan, administrazio bakoitzak jakin behar du zeintzuk diren bere erantzukizun eta betebeharrak eta bakoitzaren ardura da "nork bere eskumen eremua kudeatzea". Gaineratu duenez, "kasu honetan, udalerriei dagokie erabakitzea".

Udalerriak neurriak hartzen hasi dira

Beren udalerrietan datozen egunetarako programatutako ekitaldien inguruko erabakiak eta neurriak hartzen hasi dira dagoeneko udal batzuk.

Hala, Tolosak bertan behera utzi du asteburu honetan egitekoa zen Babarrun Festa, pandemiaren bilakaeraren aurrean "zuhurtziagatik eta arduragatik".

Murgiako Udalak, bestalde, asteburu honetako jaiak bertan behera uztea erabaki du; berez irailean ospatzekoak ziren arren, asteburu honetara atzeratuak zituzten.

Tolosa eta Murgia bi adibide baino ez dira, eta ikusi beharko zer erabaki hartzen dituzten besteak beste, Urretxu-Zumarragan Santa Luzia azokaren inguruan, Eibarren San Andres azokarekin, Durangoko Liburu Azokarekin edo Bilboko eta Donostiako Santo Tomas azokekin. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Gizartea bideoak Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa Osasun-larrialdi egoera amaitu da EAEn 2022