Gizartea -
A25
Azaroaren 25eko manifestazioan parte hartzeko deia egin du Donostiako Asanblada Feministak
Manifestazioa 19:30ean abiatuko da Donostiako Boulevarretik. Deitzaileek salatu dutenez, feminismoek indarkeria matxisten aurrean ehuntzen dituzten eguneroko erresistentzia guztiak agerian uzteko borroka eguna da.
O. A. | EITB MEDIA
Donostiako Asanblada Feministak manifestazioa antolatu du datorren ostegunerako (azaroak 25), Genero Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Manifestazioa 19:30ean abiatuko da Donostiako Boulevarretik.
Hedabideetara zabaldu duten prentsa ohar batean azpimarratu dutenez, azaroaren 25a ez da ospakizun eguna, feminismoek indarkeria matxisten aurrean ehuntzendituzten eguneroko erresistentzia guztiak agerian uzteko borroka eguna baizik. Hori dela eta, indarkeria matxistaren aurkako borrokara batzeko eta antolatzeko deia egin du mugimendu feministak.
Asanbladatik salatu duenez, borroka feministak lortutako eskubideen eta aurrerapausoen aurka sistema patriarkala ematen ari den erantzuna bortitza izaten ari da. Erakundearen esanetan, Euskal Herrian ere indarkeria matxistaren prebentziorako eta arretarako ezinbestekoak diren oinarrizko hezkuntza, osasun etagizarte zerbitzu publikoak prekarizatu eta pribatizatu egin dituzte. "Erakundeek ustelkeria defendatzen dute, eta ez bizitza duinak bermatuko dituzten politika feministak", gaineratu du.
Eusko Jaurlaritzari ere zuzendu zaio eta EAJ-PSE koalizioak jada "kaskarrak" ziren berdintasun politika publikoak okertu dituela deitoratu du, "Emakunderen degradazioarekin, esaterako".
Bestalde, Donostiako Udala ere gogor kritikatu du haien esanetan 11 urtez Emakumeen Etxerako espazio egoki bat ukatu dielako.