Gizartea -
Trafikoa
Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen Gi-631 errepidea erabat itxita dago, lur-jausi batengatik
Harriak eta lurra galtzadara erori dira, bidea zabaltzeko lanetan izandako arazoak medio. Trafikoa goizean zehar berrezartzea espero dute. Bestalde, gaur goizean Andoainen izandako auto-ilarak konpondu dira dagoeneko.
O.P. | Eitb Media
Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen GI-631 errepidea erabat itxita dago ostegun arratsaldeko lehen ordutik, lur-jausi baten ondorioz.
Gipuzkoako Foru Aldundia Gi-631 errepidearen bi udalerrien arteko zatian galtzada zabaltzeko lanak egiten ari da azken hilabeteotan. Atzo eguerdian leherketa bat zegoen aurreikusita, hasiera batean kontrolatua; konplikatu egin zen ordea maniobra hori eta hainbat arroka eta lur kopuru handi batek euste-hormaren zati bat eraitsi zuten eta galtzadaraino erori ziren, trafikorako zabalik dagoen errei bakarra oztopatuz.
Diputazioko iturriek EITBri baieztatu diotenez, langileak lanean ari dira errepidea garbitzeko eta zirkulazioa lehenbailehen berrezartzeko. Segur aski, goizean zehar ibiltzeko moduan egongo da errepidea.
Trafikoa bide alternatiboetatik desbideratzen da; ingurutik igarotzen diren autobus lineek ibilbideak aldatu dituzte eta, ondorioz, gorabeherak izan daitezke ordutegietan ere.
N-1eko arazoak konponduta
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, konpondu dira dagoeneko goizean N-1ean izan diren arazoak.
Bi istripu izan dira goizean N-1 errepidean, Andoainen, Donostiarako noranzkoan; guztira bost ibilgailu ziren tartean, eta auto-ilara luzeak sortu dira, 5 kilometrotik gorakoak izateraino.
Bi istripuak 07:45ean gertatu dira, N-1 errepidean, Andoain parean, Donostiarako noranzkoan. Bi ibilgailuren artean izan da bata, eta hiruren artean bigarrena. Ez da zauriturik izan.