Gizartea -

Indarkeria matxista

Maguette Mbeugouren hiltzaileak esan du ez ziola lepoa moztu nahi, borrokan ari zirela gertatu zela

Maguette Mbeugou lepoa moztuta hil zen 13 zentimetroko zauri "bortitz" baten ondorioz, autopsia egin zuen medikuak atzo adierazi zuenez, eta gutxienez 83 labankada jaso zituen.

Bara N., Maguette Mbeugouren hiltzailea, epaiketan. Argazkia: Efe
Bara N., Maguette Mbeugouren hiltzailea, epaiketan. Argazkia: Efe
Bara N., Maguette Mbeugouren hiltzailea, epaiketan. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bara N.-k, Maguette Mbeugouren hiltzaileak, gertakariaren berregitean esan du ez zuela emazteari lepoa mozteko "asmorik", eta bien arteko borroka baten ondorioz gertatu zela.

"Ez nuen asmorik", adierazi du behin eta berri gertakariaren berregitea azaltzen duen ia ordubeteko bideoan, Bizkaiko Auzitegian egiten ari diren epaiketaren 6. saioan ikusi ahal izan denez.

2018ko irailaren 24an emaztea labankadaz hiltzea egozten diote Bara N.-ri. Ollerieta kalean izan zen gertakaria, Bilbon. Gizonak 25 urteko emakumea 2 eta 4 urteko alaben aurrean hil eta ondoren haiekin utzi zuen gorpua.

Maguette Mbeugou lepoa moztuta hil zen 13 zentimetroko zauri "bortitz" baten ondorioz, autopsia egin zuen medikuak atzo adierazi zuenez, eta gutxienez 83 labankada jaso zituen.

Gertakarien berregitean akusatuak azaldu duenez, bi alabekin lo egiten zuen logela batean emakumearekin zituen desadostasun batzuengatik. Aipatu eguneko goizaldeko seietan, emakumea logela horretan sartu eta gizonari sukaldeko labana batekin eraso egiten saiatu omen zen.

Akusatuaren bertsioaren arabera, bera etzanda zegoen, eta borrokan hasi ziren labana kentzen saiatu zenean. Borrokaldi horretan, hiltzaileak ebaki batzuk egin zituen eskuetan, arma lurrera erori zen arte. Akusatuak labana hartu zuenean, mugimendu "indartsua" egin zuen eta lepoan "ebakia" egin zion, bere esanetan.

Hiltzaileak azaldu duenez, haurrak esnatu eta negar egiten hasi ziren, baina soilik emakumearen "erasoa" ikusi zuten, ondoren bertatik joateko eskatu baitzien aitak.

Gero, emakumearen gorpua manta batekin estali omen zuen, logelako atea itxi, eta etxean geratu zen, inorekin harremanik izan gabe. Haurrei ez omen zien logelan sartzen utzi.

Akusatuak esan du ez zela lejiarekin garbitzen hasi, baina "beldurragatik" labanak eta odoleztatutako arropa hartu eta poltsa batean sartu zituela, Atxuriko kontainer batean botatzeko.

Era berean, izututa zegoelako alde egin omen zuen Mutrikura (Gipuzkoa) komisaldegira joan beharrean. Lagun baten etxean harrapatu zuten, leiho batetik ihes egiten saiatzen ari zenean.

Azken ondorioak

Kasu honen epaiketak aurrera jarraituko du astelehenean, eta alde guztien azken ondorioak eta ahozko txostenak aurkeztuko dituzte, herri-epaimahaiaren erabakitzeko epea abiatu aurretik.

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak, biktimaren anaiaren izenean, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Aldundiak 40 urte inguruko zigorra eskatzen dute akusatuarentzat hilketa, etengabeko tratu txarrak eta adingabeak abandonatzea egotzita.

Defentsak, berriz, homizidio delitu bat izan zela azaldu du, eta horregatik 8 urteko espetxe-zigorra merezi duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Indarkeria matxista Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak