Gizartea -
Eusko Jaurlaritzaren ikerketa
Euskadiko biztanleen erdiek alkoholari eta drogei egozten diete indarkeria matxista
Eusko Jaurlaritzak, gainera, adierazpen instituzional bat argitaratu du, indarkeria matxistaren adierazpenen aurrean "gaitzespen irmoa" adierazteko, Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira.
N. B. | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak "Emakumeen aurkako indarkeria Euskadin: pertzepzio soziala eta jarrerak" azterlana aurkeztu du astearte honetan. Lan horren arabera, Euskadiko herritarren % 84k uste dute emakumeenganako indarkeriari aurre egitea "lehentasuna" dela.
Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako azterlanaren arabera, "EAEko gizartea lehen baino sentsibilizatuago dago berdintasunarekin, eta emakumeen aurkako indarkeriarekin amaitzeko neurriak eskatzen ditu, gero eta gehiago".
Txostenaren ondorioetako bat da euskal herritar "gehienek" (% 84) uste dutela emakumeenganako indarkeriari aurre egitea "lehentasuna" izan behar dela Euskadirentzat, eta % 14k uste dute "garrantzitsua" dela, baina une honetan beste lehentasun batzuk daudela.
Era berean, gora egin du desberdintasun-egoerak indarkeriarekin lotzen dituzten herritarren kopuruak. Herritarren % 89 "oso edo nahiko ados" daude "gizonen eta emakumeen arteko desberdintasun-egoerak irauten duen bitartean emakumeen aurkako indarkeria egongo dela esatearekin". % 59 oso ados dago horrekin, eta % 30 nahiko ados.
Indarkeria-moduen larritasunaren pertzepzioari dagokionez, euskal herritar gehienek larritzat jotzen dituzten jokabideak, besteak beste, hauek dira: kolpatzea, jotzea edo bultzatzea (% 92); sexu-harremanak bere borondatearen aurka izatera behartzea (% 87); emakumearen irudiak, argazkiak edo informazioa zabaltzea haren baimenik gabe (% 82); mehatxatzea (% 75); senideekin eta lagunekin harremanak izatea eragoztea (% 75); sakelako telefonoaren eta sare sozialen bidez kontrolatzea (% 72); erabakitzen ez uztea (% 65); eta janzteko modua kontrolatzea (% 65).
Bestalde, herritarren % 67ren iritziz, bikotekideek edo bikotekide ohiek emakumeei egindako erasoei, tratu txarrei eta hilketei buruzko albiste gehiago izatearen arrazoia da lehen baino kasu gehiago ezagutzen direla.
Halaber, genero-indarkeriari buruzko estereotipo batzuk mantentzen dira, hala nola: "alkohola eta droga-abusua daude emakumeen aurkako indarkeria matxistako ekintza gehienen atzean" (% 50), "salaketa faltsu asko daude genero-indarkeriako kasuen harira" (% 27) eta "genero indarkeriaren biktima diren emakume gehienak etorkinak dira" (% 24).
Tratu txarrak jasan dituzten emakumeen kasuen ezagutza-mailak gora egin du 2004tik (% 18) 2015era (% 27). Tratu txarrak ematen dituzten gizonen kasuak ere gehiago ezagutu dira, 2015ean % 28 baitziren.
Emakume bati eraso edo tratu txarrik egin diotela ikusiz gero, herritarren erdiek (% 54) poliziari deituko liokete, laurdenek erasotzaileari aurre egingo liokete, eta % 13k beste pertsona batzuei laguntza eskatuko liekete.
Adierazpena
Eusko Jaurlaritzak, gainera, adierazpen instituzional bat argitaratu du, indarkeria matxistaren adierazpenen aurrean "gaitzespen irmoa" agertzeko, Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira (azaroaren 25a), eta dei egin du horren harira egingo diren ekitaldietan parte hartzeko, nahiz eta covid-19aren aurrean prebentzio-neurri sanitarioak gordetzeko dei egin.
Testua Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak irakurri du, Jaurlaritzaren gobernu-bileraren ostean Gasteizen egindako agerraldi publikoan.
Azaroaren 25ean Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna ospatzeko egun gutxi falta direla-eta adierarazpen instituzionala irakurtzeaz gainera, Eusko Jaurlaritzak "gaitzespen irmoa" erakutsi du indarkeria sexistaren adierazpen guztien aurrean, eta "emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baterantz" aurrera egiteko lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du.