Gizartea -

Elkarrizketa

Bildarratzek adingabeen gurasoei eskatu die eskolan bezain arduratsu izateko eskolaz kanpo ere

"Itxita dauden gela ia guztiak 12 urtez azpikoenak dira" Hezkuntza sailburuak azaldu duenez. Europako Sendagaien Agentziak hilaren 26an adin txikikoen txertoa baimentzea espero du eta "lehenbailehen hasi ahal izatea" haiek txertatzen.

Jokin Bildarratz
Jokin Bildarratz
Bildarratz: ''Ikastetxeetara oharra bidaliko dugu eskolaz kanpoko ekintzetan kontuz ibiltzeko eskatuz''

0:41

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur egun 109 gela daude itxia Euskal Autonomia Erkidegoan; bestela esanda, "17.300 gela baino gehiago daude zabalik", Jokin Bildarratzen hitzetan, "gelen % 99,4, beraz". Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua "kezkatuta" dago, baina, gaineratu duenez, "kualitatiboki nahiz kuantitatiboki, duela urtebete baino hobeto gaude". Esan duenez, "lan ona egiten ari dira ikastetxeetan". 

Hezkuntza Sailak ez du astero-astero ebaluatzen diren protokoloak aldatzerik aurreikusten. Hori bai, gurasoei eskatu diete ikastetxeetatik kanpo ere "eskoletan garen bezain arduratsuak" izatea, eta ez erlaxatzeko gomendatu die, bilkurarik edo urtebetetze-festarik ez egiteko. Adierazi duenez, gaur edo bihar ohar bat bidaliko dute ikastetxe guztietara, eskolako orduez kanpo egiten diren ekintza horietan gurasoek neurriak har ditzaten gomendatuz. 

Bildarratzek adierazi duenez, "itxita dauden gela ia guztiak 12 urtez azpiko ikasleenak dira", eta, horregatik, espero du 12 urte baino gutxiagokoen txertaketari esker buelta emango zaiola egoera horri. Europako Sendagaien Agentziak adin txikikoen txertaketarako baimena aste honetan ematea espero du Jaurlaritzak, hilaren 26an, zehazki; hortik aurrera, "lehenbailehen eta ahalik eta azkarren" txertatzea nahiko luke sailak. Bildarratzen ustez, "zentzudunena txertatzea da", txertatzen ez diren pertsonek "ospitalera joateko lau aldiz arrisku gehiago" baitute. 

Txertu gabeko 12 urtetik gorakoen kasuan, sailburuak uste du 20-29 urte bitartekoen txertatze-tasa oraindik ere hobetu daitekeela; horregatik ari dira hezkuntza zentroetara banan bana joaten, "txertatze portzentajeak ikusten eta irakasleen bidez ikasleak txertatzera animatzen". Lan horri esker, txertatze-maila % 1,5 igo dela ziurtatu du. Edonola ere, EAEko txertatze-tasa orokorra % 90ekoa dela nabarmendu du. 

Bestetik azaldu du, covid pasaportea "lagungarri izango zela, zalantzarik gabe", baina, hala ere, Eusko Jaurlaritzak ez du Gorenera joko, ez dutelako gisa honetako aferak judizializatzerik nahi, "azken finean, Gorena ez da ildo horretatik berme gehien emango dizkigun epaitegia ere". Hori bai, Sanchezen Gobernuari eskatu dio "irtenbideak emateko neurri argiak hartzeko", erkidego bakoitzeko epaitegiak erabaki desberdinak hartzen baitira gai beraren gainean. 

Etorkizuneko Hezkuntza Lege berriari dagokionez, esan du "aurrerapen handiak" daudela, "batez ere jarreretan eta lanean". Hezkuntza sailburuak esan du hogei bileratan izan dela dagoeneko, talde oso txikitan, ikastetxeetako zuzendariekin eta sindikatuekin, eta abendurako "400 zuzendari ingururekin" elkartuko dela. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Eskola Publikoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Umeak Sendagaiak Txertoak Koronabirusa Gazteak