Gizartea -

Epaimahaiaren erabakia

Epaimahaiak errudun jo du Maguette Mbeugouren senarra, hilketa egotzita

Horrez gain, emazteari tratu txarrak emateagatik eta hilketa burutu ostean bi alabak etxean abandonatuta uzteagatik errudun jo dute. Akusazioek eta Fiskaltzak 44 urteko espetxealdia eskatu dute hiltzailearentzat. Biktimak 25 urte zituen.

Maguette Mbeugou hil zuen gizona, haren senarra. Argazkia: EFE
Maguette Mbeugou hil zuen gizona, haren senarra. Argazkia: EFE
Maguette Mbeugou hil zuen gizona, haren senarra. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herri-epaimahaiak ebatzi du senarrak -Bara N.- hil zuela Maguette Mbeugou gaztea. Hilketa matxista 2018ko irailean gertatu zen Bilbon konpartitzen zuten etxebizitza batean.

Horrez gain, emazteari tratu txarrak emateagatik eta hilketa burutu ostean bi alabak etxean abandonatuta uzteagatik zigortu dute. Halaber, umeei kalte psikologikoak eragin izana egotzi diote.

Akusazioek -biktimaren familia, Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia- eta Fiskaltzak aho batez eskatu dute 44 urteko kartzela-zigorra gizonarentzat. Fiskaltzak, hasiera batean, 25 urteko zigorra eskatu zuen, baina epaiketan eskaera aldatu du.

Jone Goirizelaia abokatuak azaldu duenez, akusazio guztiak bat etorrita, epaileak ezingo du zigor txikiago bat ezarri eta, beraz, 44 urterako zigortuko dute.

Horrez gain, herri-epaimahaiak baztertu egin du kondenatuari zigorra arintzeko edo indultua eskatzeko aukera ematea.

Defentsako abokatuak, baina, helegitea aurkeztuko du ebazpenaren aurka.

Epaiketan aurkeztutako frogak eta adituen testigantzak kontuan hartuta, epaimahaiak ondorioztatu du gizonak nahita hil zuela emaztea -80 labankada baino gehiago eman zizkion- eta ondoren bere buruari zauriak egin zizkiola, emakumeak eraso egin ziola esan ahal izateko.

Halaber, hilketaren aitortza "interesatua" izan zela ebatzi dute, eta ez ikerketan laguntzeko. Ildo horretan, gogora ekarri dute bikotekidea hil ostean Mutrikura, lagun batera, ihes egin zuela eta Ertzaintzak atxilotu zuenean ihes egiten saiatu zela.

Maguetti tratu txarrak eman zizkiola eta bi alabei estresa eta arazo psikologikoak eragin zizkiela -ama nola hil zuen ikusi zuten- ere frogatutzat eman dute, medikuen eta gizarte langileen testigantzak aintzat hartuta.

Leporatzen zizkioten delitu guztiengatik errudun jo dutenez eta akusazio guztiak 44 urteko kartzela-zigorra eskatu dutenez, epaileak zigor hori ezarriko diola espero da.

Bestalde, biktimaren nebak adierazi du ebazpenarekin lasaiago geratu dela, arreba senarrak hil zuela argi uztea nahi zuelako, eta orain dolua egiten hasi ahalko direla zehaztu du.

Horrez gain, indarkeria matxista jasaten duten emakumeek salaketak jartzera animatzeko deia egin du, baina, aldi berean, Justiziari emakume horiek hasieratik babestu ditzala exijitu dio, Maguettek tratu txarrak salatu zituenean auzia artxibatu egin zutelako.

Gertakari horrengatik, fiskalak barkamena eskatu zuen epaiketan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Euskal Autonomia Erkidegoa Epaiketak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Erailketak