Gizartea -

arraza diskriminazioa

Emakume ijitoek denda eta supermerkatuetan jasaten duten kriminalizazioa agerian utzi du ikerketa batek

Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartea (AMUGE) Bizkaiko 20 saltokitan izan da, eta horietako 16tan aurreiritzi arrazistetan oinarritutako langileen portaerak eta jarduerak erregistratu ditu.

Emakume bat, supermerkatuan erosten. Argazkia: FREEPIK.ES
Emakume bat, supermerkatuan erosten. Argazkia: FREEPIK.ES
Emakume bat, supermerkatuan erosten. Argazkia: FREEPIK.ES

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteak (AMUGE) Bizkaiko supermerkatu eta merkataritza-guneetan testing bat egin du, "Gure antigitanismoa: salaketa eta ikusgarritasuna ikuspegi feminista eta intersekzionaletik" proiektuaren baitako ekintza gisa, Bizkaiko Foru Aldundiak babestutakoa. Ikerketa liburuxka formatuan argitaratuko da abenduan, emakume ijitoen testigantzekin hornitua. Erosketetara joatean jokabide arrazista baten aurrean nola jokatu jakiteko jarraibideak ere emango dira argitalpen horretan.

Bisitatutako Bizkaiko 20 saltokietatik 16tan aurreiritzi arrazistetan oinarritutako portaerak eta jarduerak hauteman dituzte langileengan. Elkartetik oroitarazi dutenez, emaitza horiek "emakume ijitook jasaten dugun eguneroko jazarpen-esperientzia berresten dute". Babes soziala eta juridikoa eskatu dituzte, "kontuan hartuta Zigor Kodearen gorroto-delituen definizioak ez duela eguneroko diskriminazioa aintzat hartzen".

Era berean, salatu dute "errealitate horrek gure eskubideak, osasuna, autoestimua eta bizitza publikoan dugun parte-hartzea kaltetzen" dituela.

Testinga urriaren 26tik azaroaren 15era bitartean egin zuten, Bizkaiko 15 supermerkatu eta 5 merkataritza-gunetan. Bi edo hiru boluntario ijitok eta kopuru eta adin bereko boluntario zuriek osatutako talde bana sartu ziren establezimendu bakoitzean; begiratu, probatu eta produktuak naturaltasunez erosi zituzten. Behatzaile independenteek lagundu zieten, lekuko moral gisa, eta audioan eta bideoan gorabeherak erregistratu zituen ikus-entzunezko teknikari batek.

Metodologia horren bitartez, bisitatutako 20 saltokietatik 16tan, alegia, laginaren % 80an, boluntario ijitoen aurkako jokabide diskriminatzailea frogatu zuten. Erakundeak azpimarratu du "saltokietara bertaratutako egun guztietan" eman zirela jokabide horiek, eta "parte-hartzaile ijito guztiekiko".

Datuak biltzeko fitxetan, boluntario ijitoek hurrengo diskriminazio-motak bizi izan zituztela adierazi zuten:

- Jazarpenak: 16 establezimendutan

- Ahozko akusazioak: 4 establezimendutan

- Gehiegizko kontaktu fisikoa: 3 establezimendutan

- Erregistroa edo lapurretarik eza frogatzeko gonbidapena: establezimendu batean

- Bestelakoak: 16 establezimendu (akusaziozko edo larderiazko begiradak, txutxu-mutxuak eta iruzkin iraingarriak, urduritasuna eta errefortzuen eskaera deskribatu zituzten)

Kasu guztietan, behatzaile independenteek (kazetariak eta euskal kulturako eragileak, horien artean) berretsi egin zuten pertzepzio hori.

"Nola sentitu zara?" galderari erantzuteko, boluntario ijitoek "deseroso" edo "jazarria" bezalako esapideak erabili zituzten. Esperientzia hori eguneroko errealitatearekin bat datorrela ere aipatu zuten: "gauza normala da guretzat, ezin dut inoiz lasai erosi, azkar egin behar dut beti".

Boluntario zuriek, berriz, normaltasun osoz egin ahal izan zituzten erosketak 20 saltokietan; batek bakarrik sentitu zuen urduritasun arina, segurtasun-zaintzaile bat gerturatu zitzaionean. Boluntario zurien kexa nagusia, esperimentu-kideen aurkako diskriminazio-jokabideen lekuko izateaz gain, arreta falta izan zen: "dendako baliabide guztiak 'egoera kontrolatzeko' prest zeuden".

Behatzaileek deskribatutako egoeren artean, berriz, jarraipenak edo segurtasun pribatuko langileen gerturatzeak aipatu ziren. "Bereziki kezkagarria" den beste praktika bat da diskriminazioa gauzatu duten pertsonek boluntario zurien edo behatzaileen konplizitatea bilatu dutela: "Barkatu, ezin dizut ondo artatu, vienen a liármela".

Kriminalizazioa egunerokotasunaren testuinguruan

Ikerketaren emaitzak kontuan hartuz, AMUGEtik frogatutzat jo dute ez direla "langile jakin batzuen banakako jarreren ondorio, baizik eta adierazten dutela dendako langileek eta segurtasun-langileek emakume ijitoen aurkako aurreiritzietan oinarritutako jarraibideak jasotzen dituztela". Azaldu dutenez, "ijitoak, bezero gisa barik, susmagarri gisa tratatzea naturalizatzen duen kultura errotua dagoela ezin argiago geratu da.

Tamara Claveria AMUGEko arduradunak gogorarazi duenez, kriminalizazio horrek "emakume ijitoon oinarrizko eskubideei eragiten die, baita gure osasunari eta autoestimuari ere. Halako umiliazio publikoek gure parte-hartze soziala mugatzen dute". Kriminalizazio hori ez da merkataritzaren esparrura mugatzen, baizik eta lan-merkatuan, higiezinetan, hezkuntza-sisteman edo osasun-sisteman ere gertatzen da, "baina erosketak egiteko testuingurua ohikoenetakoa da".

Gainera, eguneroko diskriminazio horren aurka jarduteko babes juridikorik ez dagoela salatu du erakundeak, Zigor Kodearen 510. artikuluak gorroto-delituen formulazioan aintzat hartzen ez duelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Arrazismoa Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Merkataritza Bizkaiko Foru Aldundia Supermerkatuak