Gizartea -
Trafikoa
Elurra ari du Arabako hainbat mendatetan eta elur-kota behera doa Nafarroan
Elurra ari du Arabako hainbat mendatetan eta Nafarroan behera doa elur-maila eta 700 metro inguruan kokatuko da.
O. P. | Eitb Media
Elurra ari du Euskal Herriko hainbat puntutan, eta errepideetan egoera kaskarra izan da goizean. Araban bota du gehien, elur-maila 800 eta 900 metro inguruan dago, baina lurraldearen ekialdean 500-600 metroan ere egin du elurra gaur goizean.
Goizean Herreran (A-2124) eta Opakuan (A-2128) kateak erabiltzea beharrezko bazen ere, dagoeneko ez dira behar. Dena den, bi mendate horietan kontuz gidatzeko eskatu dute, bai eta Altube (A-624), Azazeta (A-132), Bernedo (A-2126) eta Gasteizko mendatean (A-2124) ere. Gainera, A-1 errepidean, Gasteiz eta Iruñea artean, arretaz gidatzeko eskatu dute, elurra eta izotza baitaude.
Elur-maila 700 metro inguruan kokatuko da ostegun honetan Nafarroan, AEMET Estatuko Meteorologia Agentziaren arabera. Nafarroa iparraldean, zaparradak gogorrak eta iraunkorrak izan daitezke.
Haizeak ipar-mendebaldetik joko du, gogor, eta arratsaldean baretzera egingo du eta elur-mailak gora egingo du berriro lurralde osoan.