Gizartea -

Eguraldia

Euskadik hainbat abisu hori aktibatu ditu astebururako, euria eta elurra direla eta

Euria eta haizea izango dira protagonistak datozen egunetan. Eguraldirik desatseginena larunbat arratsaldean eta igande osoan espero da. Hala ere, euria baretu egingo da datorren asteko lehen egunetan.

Emakumeak pasieran Donostian, euripean. EITB Media.
Emakumeak pasieran Donostian, euripean. EITB Media.
Emakumeak pasieran Donostian, euripean. EITB Media.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak hainbat abisu hori ezarriko ditu asteburu honetan, euria eta elurragatik, izan ere, elurra 1.000 metrotik behera egingo du.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren eta Aemet Espainiako Meteorologia Agentziaren iragarpenen arabera, euria, haizea eta tenperatura freskoak izango dira asteburuko protagonistak.

Hala, larunbatean, 12:00etatik aurrera, abisu horia ezarriko dute prezipitazio iraunkorrengatik. Abisu hori igandeko 18:00ak arte egongo da indarrean, tarte horretan metro koadroko 60 litro baino gehiago pilatu baitaitezke 24 ordutan isurialde atlantikoko zenbait puntutan.

Arabako Lautadan metro koadroko 30 litro pila daitezke 24 ordutan, eta Arabako hegoaldean gutxiago.

Larunbatean ere abisu horia ezarriko da nabigaziorako 18:00etatik aurrera 3,5 metrotik gorako olatuengatik.

Egoerak okerrera egingo du igandean; izan ere, abisu horiari beste abisu bat gehituko zaio egun osoan, 1.000 metrotik beherako elurragatik. Aurreikuspenen arabera, kota 800-1.000 metrora jaitsi daiteke, eta, noizean behin, behetik kokatu, bereziki Arabako ekialdean eta ekaitz-guneetan.

Egun horretan ere nabigaziorako eta olatuek kostaldean izango duten inpaktuagatik zenbait abisu hori ezarriko dituzte, eta bost metrorainoko olatuak espero dira, batez ere igandeko 04:46ko eta 17:14ko itsasgoretan.

Olatuen ezaugarriak eta ipar-mendebaldeko haize indartsua direla eta, pasealekuetan eta malekoietan zipriztinak sortuko dira.

Bestalde, Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak abisu horia ezarri du igandean Nafarroako Pirinioetan elurra egiteko arriskuagatik. 24 ordutan 15 cm-ko elurra pilatzea espero da 800 metrotik gora, eta 20 cm-tik gora pilatu daiteke 900 edo 1000 metrotik gorako altueretan.

Iragarpena

Elur-maila 1.500 metrora igoko da eguerdian, eta tenperaturak gora egingo du. Termometroak 10 graduren azpitik geratuko dira gaur barnealdean, eta 12-14 graduren bueltan kostaldean. Izotz txikia egingo du Pirinioetan, eta ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, gogor, eta bolada gogorrekin Pirinioetako kota altuetan.

Larunbatean, euritara joko du berriro eguraldiak, ipar-mendebaldeko haizea zakar ibiliko da, eta euri ugari egingo du, are gogorrago arratsaldean eta gauean; baliteke isurialde atlantikoan tarteka zaparradak mardulak izatea eta azken orduetan zenbait lekutan trumoi-ekaitzak jotzea. Ipar-mendebaldeko haizea indartsu ibiliko da, eta ezatsegina izango da une askotan. Tenperatura maximoetan ez da aldaketa handirik izango, eta goizean neurtuko dira, baina egunean zehar hozten joango da eta elur-maila 1.000-1.100 metrora jaitsiko da gauean isurialde atlantikoan eta 800 metrora Nafarroan.  

Aldaketa gutxi iganderako. Zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da, eta euria egingo du, goizean eta isurialde atlantikoan gehienbat; euria iraunkorra eta ugaria izango da bertan, eta trumoi-ekaitzak jo eta txingorra bota dezake noizbehinka. Hegoaldean, hodeitza ez da hain trinkoa izango, eta euri gutxiago egingo du, aterrune luzeagoekin. Elur-maila 800-1.000 metro inguruan kokatuko da lurraldearen ipar eremuan, eta 600-700 metroren bueltan Nafarroan; bertan, abisu horia ezarri du Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak elurragatik, 24 ordutan 15 cm elur pilatu baitaitezke 800 metrotik gora, eta 20 cm 900-1.000 metrotik gora. Ipar-mendebaldeko haizea bizi ibiliko da kostaldean eta mendi inguruetan, tarteka oso gogor, eta ipar-mendebaldeko haizeak gogor joko du Erriberan eta Pirinioetan. Tenperaturak jaitsi egingo dira: barnealdean, 2 ºC-koak izango dira minimoak eta 6 ºC-koak maximoak. Kosta partean, 7 eta 10 ºC-ren artean ibiliko da tenperatura egun osoan. 

Datorren asteko jaiegunei begira, aldakorra izango da eguraldia, euria eta aterruneak tartekatuko baitira. Euria izango da astelehenean; astearte goizaldetik arratsaldera, ateri eutsiko dio, eta tenperaturak igo egingo dira apur bat, baina euritara egingo du berriro gau partean. Euritsua izango da asteazkena ere, eta behera egingo dute termometroek; gainera, itsasotik gertu trumoi-ekaitzak ere jo dezake zubiko azken egunean. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoako albisteak Nafarroa Araba Eguraldia argazkiak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea