Gizartea -
Anesvad epaiketa
Defentsak Gamarra GKEaren funtsekin geratu izana ukatu du
Horren ustez, ez fiskalak ez akusazioak ez dute frogatu akusatuak Anesvad Gobernuz Kanpoko Erakundetik bere kontuetara 7,5 milioi euro desbideratu izana.
Erredakzioa
Jose Luis Gamarra Anesvadeko presidente ohiaren defentsaren ustez, ez fiskalak ez akusazio partikularrak ez dute frogatu berak babesten duen pertsonak Gobernuz Kanpoko Erakundetik 7,5 milioi desbideratu izana, eta bere ondare pertsonalera joan izana, eta, ondorioz, absolbitzeko eskatu du.
Bizkaiko Auzitegian Anesvadeko hiru zuzendari ohiren aurka GKEtik dohaintzak euren kontuetara desbideratu zituzten argitzeko egiten ari diren epaiketaren azken saioan alde biek txostenak aurkeztu dituzte gaur. Gamarraren abokatuak Anesvadeko presidentea izan zenaren irudia kaltetu nahia salatu du, eta "bizi osoa besteei laguntzen" eman duela azpimarratu du.
Horren iritzian, Gamarrari delitu hori leporatzeko, bai fiskala (6 urteko kartzela zigorra eskatu du Gamarrarentzat) bai akusazio partikularra (Anesvad kaltetu gisa ordezkatzen du) aieruz ari dira, usteetan oinarrituta, ez baitute inolako frogarik Gamarrak GKEren funtsak hartu zituela erakusteko.
Gamarrak Anesvaden kontabilitatean kontrolatu ez ziren hainbat banku-mugimendu egin zituela onartu du, baina desbideratutako diru guztia itzuli egin zuela gaineratu du.
Funts horietatik milaka euro ateratzen ziren egunero. Gamarraren abokatuaren esanetan, diru horren parte bat Anesvaden egoitza berrian egindako obrak beltzean eta fakturarik gabe ordaintzeko erabili zuen, eta bestea, Filipinetara eraman zuen, maletatan, Culion udalerrira, legenardunentzako ospitalera hain zuzen, "bertan ez baitago bankurik".