Itxi

Gizartea

eliza

Jose Ignacio Munillak Donostia utziko du, Orihuelako elizbarrutia bere gain hartzeko

eitb media

Frantzisko aita santuak izendatu du gotzaina, eta datorren otsailaren 12an izango den ekitaldi batean jabetuko da karguaz.

1:10
Jose Ignacio Munilla. Argazkia: EFE.

Orain arte Donostiako elizbarrutiko arduradun izandako Jose Ignacio Munilla Orihuelako (Alicante) gotzain izango da astearte honetatik aurrera. Frantzisko aita santuak izendatu du postu horretarako, eta datorren otsailaren 12an izango den ekitaldi batean jabetuko da karguaz.

Prelatuak azaldu duenez, behin-betiko agurraren aurretik zeregin administratiboak egiten jarraituko du Donostiako elizbarrutian. Bertako Artzain Onaren katedralean esker-emate meza emango du urtarrilaren 6an, agur modura.

Donostiako Apaiztegian emandako prentsaurreko batean iragarri du bere joatea 2009an Juan Maria Uriarteren postua hartu zuen gotzainak. Berarekin izan dira donostiar elizbarrutiko dozena erdi apaiz eta bikario, eta angelusa abestu dute Inmakulada egunaren bezperan, jarraian kazetariei erantzuteko.

Ez du hitzik esan nahi izan Gipuzkoan izandako ibilbidean bizitako uneei buruz. Izan ere, azaldu duenez, "ausartegia" litzateke une bakarra aipatzea, denbora horretan zehar gertatu zaizkion "gauzarik ederrenak" kameretatik urrun eta albiste publikoetatik at izan baitira.

Prelatuaren hitzetan, "bakez, esker onez eta konfiantzaz" hartu du aita santuak emandako ardura, eta beregan ezarritako "merezigabeko" konfiantza eskertu dio.

Era berean, lurraldeko katolikoak gonbidatu ditu Donostiako hurrengo gotzain izendatuko dutenari harrera beroa ematera, "haren izena jakin aurretik ere". "Katolikoek konfiantzazko botoa ematen diogu aita santuari, geure elizbarrutiko artzaintzarako ordezkorik onena bilatuko baitu", azpimarratu du Munillak.

Hamabi urte polemikak inguratuta

Hedabideen aurrean egindako agerraldian, Munillak saihestu du azken hamabi urteetan izandako askotariko polemikei aipamenik egitea. Sarritan jarri dute zalantzan gotzaina, bere kudeaketaren aurkako fededunen sektore batetik zein feminismoaren eta LGBT eskubideen aldeko mugimenduetatik, beste hainbat kolektiboren artean.

Azken hamabi urteetan zehar, besteak beste, Elizaren kontuetan milioi bat eurotik gorako galerak eragin izana leporatu zaio, baita hierarkian oinarritutako Eliza eredu bati eutsi izana ere.

Gotzain "polemikoa" izatea eta Gipuzkoako Elizako "giroa kaskartzea" egotzi diotenen inguruan galdetu zaionean, Munillak ez du bereizmenik egin nahi izan eta gainerako "gipuzkoar fededun katolikoei" helarazitako mezu berdina eskaini die. Azken horiek "eliza-konfiantzazko espirituarekin" bizitzera gonbidatu ditu.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena