Gizartea -
Overbooking-a TGV-an
Paris-Hendaia treneko overbooking-ak atzerapenak eta haserreak eragin ditu itzulera operazioan
Txartela izan arren, asko izan dira Bordelen trenera sartu ezinda geratu direnak, beteta zetorrelako Paristik, eta igo diren askok lurrean eserita bidaiatu behar izan dute. Bidaiariek salatu dutenez, tren konpainiak, ez geltokiko arduradunek, ez diete inongo azalpenik eman, ez barkamenik eskatu.
O. P. | EITB Media
Itzulera korapilatsua izan dute Paris eta Bordeletik Hendaiara zetozen bidaiari askok. Antza denez, Paristik Bordelera arteko tartean, goraino beteta zetorren trena; eserleku baino bidaiari gehiago ziren trenean, eta, lekukoek kontatu dutenez, askok lurrean eserita bidaiatu behar izan dute.
Bordelen, Euskal Herrira etorri nahi zuten bidaiari askok, alabaina, beterik topatu dute Paristik zetorren trena. Overbooking-a tarteko, leku baino txartel gehiago saldu dituzte, eta hiru orduz egon behar izan dira geltokian egoera bideratu zain, eta istiluak istilu, sartu ezinik gelditu dira bidaiari asko.
Euskadi Irratian zenbait lekukok azaldu dutenez, sartu ezinda gelditu den jendea oso haserre zegoen "kolpeka eta oihuka". Bidaiariek salatu dute ez dietela inongo azalpenik eman, ezta barkamenik eskatu ere, ez tren konpainiak, ez geltokiko arduradunek.
"Bozgorailuetatik osasun neurriak betetzeko eskatu digute etengabe, baina bost orduz etorri gara tren batean sardinak bezala", azaldu du bidaiari batek.