Gizartea -

KORONABIRUSA

Osakidetzak 16.347 hitzordu eman ditu 4 orduan 9 eta 11 urte bitarteko umeak txertatzeko

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 12 urtez azpiko haurren gurasoek Osakidetzaren webgunearen bitartez egin beharko dute txertoa jartzeko eskaera. Nafarroan, ostera, Osasunbidea jarriko da sendiekin harremanetan SMS edo telefono bidez.

Erizain bat neskato bat txertatzen. Artxiboko argazkia: Agentziak
Erizain bat neskato bat txertatzen
Erizain bat neskato bat txertatzen. Artxiboko argazkia: Agentziak

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astearte honetan, hilak 14, umeen txertaketarako hitzorduak hartzeko lehen egunean, 16.347 hitzordu eman dira 9 eta 11 urte bitarteko umeei 4 orduan, EAEn, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez.

Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan asteazken honetan hasiko da haurren txertaketa kanpaina, nahiz eta ezberdintasunak dauden, esaterako, hitzordua hartzerakoan.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako familiek Osakidetzaren webgunearen bitartez edo telefonoz egin ahal dute eskaera.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohar batean azaldu duenez, hitzordua hartzeko Osakidetzaren webgunea lehenetsiko da. Hala ere, arazoren bat izanez gero, anbulatoriora edo 900.20.30.50 zenbakira deitu ahalko da eta 1 tekla sakatu ostean txertoa jartzeko eguna eta lekua zehaztuko da.

Hitzordua baieztatzearekin batera, bigarren dosia hartzeko eguna ere jakinaraziko da (zortzi aste igarota).

Haurren txertaketa kanpaina asteazkenena hasiko da eta, nagusiki, erdibideko txertaketa puntuak erabiliko dira, eta salbuespen kasuetan baita osasun zentroak ere.

Guztira 5-11 urteko 145.000 bat haur daude Euskal Autonomia Erkidegoan. Txertaketa kanpaina pixkanaka egingo da, nagusienekin hasita. Txertoa hartzen lehenak 11 eta 9 urte bitarteko umeak izango dira, eta, apurka-apurka, dauden dosien arabera, adina jaisten joango da, harik eta bost urteko umeetara iritsi arte (beteta izan beharko dituzte). Haurrei jarriko zaien dosia helduei jartzen zaienaren herena izango da. 

Osakidetzak zehaztu duenez, oraingoz ez zaie txertoa emango infekzio aktibo bat duten edo azken bi hilabeteetan koronabirusa izan duten adin txikikoei, hots, 5.600 pertsona ingururi. 

Euskal Autonomia Erkidegorako 60.000 dosiak atzo eguerdian heldu ziren Hernaniko biltegira, eta bihar hasiko dira horiek jartzen erdibideko txertaketa puntuetan eta osasun zentroetan.

Gobernu Kontseilua amaitu ondoren emandako prentsaurrekoan, txertoan konfiantza izateko eskatu die Gotzone Sagardui Osasun sailburuak gurasoei, covid-19aren aurkako "tresnarik onena delako". Horregatik, seme-alabak txertatzeko hitzordua eskatzera animatu ditu agintariak.

Umeek eskolarik ez galtzeko, txertoa eskola-ordutegitik kanpo jasotzeko hitzorduak emango ote dituzten galdetu diote sailburuari. Txertaketa "lehenbailehen" bukatzea lehentasuna dela azaldu du Sagarduik; beraz, Osakidetzak eskuragarri dauden hitzordu guztiak banatuko ditu, eskola-ordutegiaren barruan ala kanpoan izan.

Txertoa ez hartzeak ospitalean bukatzeko aukerak sei aldiz biderkatzen ditu, eta hamar aldiz ZIUetan amaitzeko aukerak, Sagarduik ohartarazi duenez. "Ondorioz, txertatu", erantsi du.

Haurren txertaketa Nafarroan

Nafarroak astelehenean jaso zituen 5 eta 11 urte bitarteko haurrak covid-19aren aurka txertoarekin txertatzeko lehen 18.000 dosiak. Bihar Tafallako Kultur Etxean eta Doneztebeko kiroldegian hasiko dira lehen dosiak jartzen eta ostegunetik aurrera txertaketa modu orokortuagoan egingo dute Iruñeko Seminarioan. 2010, 2011 eta 2012an jaiotakoak izango dira txertoa hartzen lehenak eta modu progresiboan egingo dute bost urteko haurrengana iritsi arte.

Osasunbidea sendiekin jarriko da harremanetan SMS edo telefono dei baten bitartez hitzordua zehazteko. 

Gaixotasuna igaro duten haurrek dosi bakarra hartuko dute gaitza pasa eta gutxienez lau aste igaro ondoren. Lehen dosiaren eta bigarrenaren artean kutsatzen direnen kasuan, bigarren dosia hartuko dute kutsatua izan direnetik gutxienez lau astera.

Bestalde, lehen dosia jaso eta berehala 12 urte betetzen dituztenei covid-19aren aurkako txertoaren helduen dosia jarriko diete.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Azken ordukoa Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Nafarroako albisteak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak albisteak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Osasun albisteak gaur Umeak albisteak Txertoak COVIDaren agerraldiak gaur Osasunbidea