Gizartea -

Kazetaritza

2021ean inoizko berriemaile gehien daude atxilo hartuta munduan

2021ean, gainera, 46 kazetari hil dituzte, nahita, kasurik gehienetan. Azken hogei urtetako kopururik baxuena bada ere, esan nahi du astero-astero kazetari bat hiltzen dutela munduan. Mugarik Gabeko Erreportariak (RSF) erakundeak urteko txostenean jasotako datuak dira.

Gatazka eremuko erreportariak. PXhere.
Gatazka eremuko erreportariak. PXhere.
Gatazka eremuko erreportariak. PXhere.

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guztira 46 kazetari (42 gizon eta 4 emakume) hil dituzte 2021ean munduan lanean ari zirela. Azken 20 urteetako daturik baxuena da hori, Mugarik Gabeko Erreportariek (RSF) urteko txostenaren aurkezpenean gaur adierazi dutenez.

Hala ere, kartzelan dauden erreportarien kopuruak marka hautsi du, 2021ean % 20 igo baita atxilo dauden kazterien zenbatekoa, aurreko urtearekin alderatuta. 488 dira gaur egun espetxean, horietako 60 emakumeak dira; beste 65 berriemailea bahituta daude eta bi desagertuta daude.

RSFk azpimarratu du 1995ean urteko balantzea egiten hasi zirenetik, "inoiz" ez dela izan hain handia atxikitako kazetarien kopurua. Arrazoien artean aipatu dute, Myanmarreko egoera, izan ere, otsailaren 1eko estatu kolpearen ostean, batzorde militar bat sortu zen han; Bielorrusian, Alexander Lukashenkoren berrautaketaren ondoriozko errepresioa ere aipatu dute; bai eta Txinan, Hong Kongen kontrola "areagotu" izana ere. 

Hala, Txinak bosgarren urtez jarraian "munduko kazetarien kartzelarik handiena" izaten jarraitzen duela azaldu dute, 127 kazetari daude han espetxean. Atzetik, Myanmar (53), Vietnam (43), Bielorrusia (32) eta Saudi Arabia (31) daude.

Txina da, gainera, emakume gehien kartzelatzen dituen herrialdea; gaur egun, 19 emakume kazetari daude kartzelan. Myanmarren bederatzi emakume daude kartzelan, lau Vietnamen eta hiru Iranen.

RSFk Zhan Zhan kazetari txinatarraren egoera nabarmen du, 2021eko RSF saria jaso duena. 2020ko maiatzaren 14tik kartzelan dago, lau urtera kondenatuta; Arriskuan du bizia, Zhan-ek, gose greba partzialari ekin baitzion epaiaren aurka protesta egiteko eta egoera kritikoan dago. Urriaren amaieran, 40 kg-ko pisua zuen (1,77m neurtzen du), ezin zen mugitu, ezta burua laguntzarik gabe garbitu ere.

"Arbitrarioki espetxeratutako profesionalen datu oso altu horiek munduan diktadurek izan duten gorakadaren isla, krisi pilaketaren eta erregimen horien eskrupulu faltaren isla dira", azaldu du Christophe Deloire RSFko idazkari nagusiak.

"Agian, indar harremanen esparru geopolitiko berri baten emaitza ere badira, erregimen autoritarioek ez baitute errepresioa mugatzeko presio nahikorik jasaten", adierazi du Deloirek, RSFk bere webgunean argitaratutako txostenaren arabera.

Kazetari bat hiltzen dute astero

Bestalde, 2003tik lehen aldiz 50etik beherakoa da hildako kazetarien kopurua, eta hori "gatazka armatuen intentsitate txikiagatik" eta "prentsa askatasunaren aldeko erakundeen mobilizazioagatik (RSF, esaterako)" izan dela uste dute.

Hala ere, RSFk azpimarratu du zifra horrek erakusten duela kazetari bat hiltzen dutela astero munduan bere lanidean aritzeagatik, eta gogorarazi du, dituzten datuen arabera, hil aurretik seinalatuak izan zirela kazetari horiek.

Ildo horretan, azken urtean kazetari gehien hil dituzten herrialdea Mexiko dela esan du, zazpi kazetari erail dituzte han aurten; Afganistanen sei (horietako hiru emakumeak). Indian eta Yemenen, aldiz, launa kazetari hil dituzte.

Erakundeak azpimarratu duenez, bost kazetaritik hiru ofizialki gerran ez dauden herrialdeetan hil dituzte, eta Europar Batasunean (EB) ere, kazetaritzan aritzeko munduko gunerik seguruena zena, eragina izan du kazetarienganako jazarpenak.

Gatazkan dauden zonaldeetan hildako kazetarien artean David Beriain eta Roberto Fraile daude, Burkina Fasoko ekialdeko ezkutuko ehizari buruzko dokumental bat egiten ari zirela erailak. Danish Siddiqui argazkilari indiarra, 2018ko Pulitzer Saria irabazi zuena eta talibanek Afganistanen egindako eraso batean hil zutena ere aipatu dute.

Bahituei dagokienez, kopurua % 3 igo da 2020tik, eta 65 dira gaur egun (60 tokikoak eta bost atzerritarrak). Sirian daude kazetari bahitu gehien (44). Atzetik, Irak (11), Yemen (9) eta Mali daude, azken honetan bahiturik dute Olivier Dubois kazetaria.

Estatu Islamikoa da bahiketa horien erantzule nagusia (28 kasutan), hau da, % 40 baino gehiago mundu mailan. Azkenik, bi kazetari desagertuta daude, Jorge Moltzin Centlal eta Pablo Felipe Romero mexikarrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Txina Europa Bahiketak Gizartea Mexiko Eguneko albisteak Albisteak India Latinoamerika Kazetaritza Giza eskubideak Asia Erailketak Afganistan