Itxi

Gizartea

Osakidetza

Egoera larria dela salatuta, Lehen Arretako lantaldea handitzeko eskatu dute Osakidetzako langileek

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Lehen Arretako lan-baldintzak "oso prekarioak" direla eta kalitatezko zerbitzua eskaintzea ezinezkoa zaiela salatu dute; izan ere, lanaldiaren zatirik handiena telefono bidezko hitzorduak erantzuten, antigeno testak egiten eta covid-19aren aurkako txertoak jartzen ematen dute.

1:26
Protesta Gasteizen. Argazkia: EFE.

Osakidetzako Lehen Arretako langileek mobilizazioak egin dituzte osasun zentroetan, baliabide eta langile gehiago eskatzeko eta pandemiak azken urteetan atzemandako arazoak azaleratu dituela salatzeko.

Gasteizko Olagibel anbulatorioaren parean, Yolanda Riaño ELAko ordezkariak adierazi du zerbitzuaren egoera lehendik zela "oso prekarioa", langile nahikorik ez zegoelako, baina orain beharrizan hori areagotu egin dela ohartarazi du.

Gabeziak eta gehiegizko lan-zamak kategoria profesional guztietan ematen direla erantsi du. Medikuek, adibidez, egunean 17 paziente artatzen dituzte aurrez aurre eta beste 45 inguru telefonoz.

"Honek herritarren haserrea eragiten du, behar duen arreta jasotzen ez duelako; eta, aldi berean, profesionala bera ere haserretu egiten da badakielako ez diola pazienteari behar beste denbora eskaintzen", azaldu du.

1:36

Erizainen kasuan, gauza asko egiteari utzi behar izan diotela esan du. "Lanaldiaren zatirik handiena antigeno edo PCR testak egiten eta covid-19aren kontrako txertoak jartzen ematen baitute", erantsi du.

Gehiegizko lan-karga horren ondorioak administrazioko langileek ere pairatzen dituztela kontatu du, "osasun sistemaren sarreran daudelako eta herritarrek beraiekin ordaintzen dutelako haserrea".

Dena dela, hau guztia berria ez dela azpimarratu du. "Egoera txarra zen, pandemiarekin okerrera egin du eta dena azaleratu da", laburbildu du.

Lehen Arreta zerbitzuak gainezka egin duela eta langileek gehiago ezin dutela nabarmenduta, azpiegitura, baliabide eta behargin gehiago eskatu dizkio Osakidetzari.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena