Gizartea -
Biltzar orokorra
Euskal Hirigune Elkargoak ez du dirurik jarriko abiadura handiko trenarentzat
Frantziako Gobernuak eta Akitania Berria eskualdeak aurrekontua eskatzen zioten elkargoari, nahiz eta proiektua ez den euskal lurretara iristen, baina azkenean ezezkoak irabazi du.
Aitor Sagarzazu | eitb media
Ipar Euskal Herrian, abiadura handiko trenarentzat dirurik ez jartzea erabaki du Euskal Hirigune Elkargoak. Izan ere, gehiengo zabal batek Akizera arteko trenbide berriaren aurka egin du Biltzar Orokorrean. Frantziako Gobernuak eta Akitania Berria eskualdeak aurrekontua eskatzen zioten elkargoari, nahiz eta euskal lurrak ez ukitu, baina azkenean ezezkoak irabazi du.
Modu zabalean irabazi du gainera, hautetsien ia %78k kontrako boza eman baitio Akize arterainoko AHTari.
Proiektuari berari eman dio bizkarra Euskal Hirigune Elkargoak, eskatzen zitzaizkion 65 milioi euroak ia aipatu gabe. Besteak beste, "anakroniko", "zentzugabe ekologiko" eta "kaltegarri" jo dute proiektua hitza hartu dutenek.
Bereziki gogor mintzatu da Jean René Etchegaray presidentea, eta prozesua azkarregi joan dela salatu du.
Orain, ikusi beharko da Akitania Berrian zer gertatzen den. Hamaika erakunde lokaletatik, Euskal Elkargoak eta beste hiruk ezezkoa eman diote proiektuari.
Dena den, Bordeleko kontseilariek argi dute. Sinetsita daude akordio ekonomiko batera iritsiko direla, nola edo hala, Akize arterainoko proiektua finantzatzeko. Orain, baina, Gobernu frantsesarekin hitz egin beharko dute aurrera jarraitu ala ez erabakitzeko.