Gizartea -
Negua
Gaur hasiko da negua urteko egun motzenarekin
16:59an ekingo diogu urtaro berriari eta 88 egun eta 23 ordu iraungo du. Ez da eklipserik izango neguan.
EITB Media
Astearte honetan, 16:59an, neguan sartuko gara ipar hemisferioan, Behatoki Astronomikoaren kalkuluen arabera. Urtaroak ozta-ozta iraungo du 89 egun (88 egun eta 23 ordu), eta martxoaren 20an amaituko da.
Asteartean, beraz, neguko solstizioa izango da ipar hemisferio osoan; hegoaldean, aldiz, udaberritik udara igaroko dira.
Hastear den neguan ez da eklipserik izango. Halere, meteoro-zaparradak ez dira faltako. Ursiden zaparrada abenduaren 17 eta 26 artean ikusi ahal izango da. Etzi izango du ikusgarritasun handiena, abenduak 22, 06:00etan. Bestalde, Kuadrantidak urtarrilaren 1 eta 5 artean izango dira; ikusgarritasun handiena 3tik 4rako gauean izango dute.
Urteko egunik laburrena
Astearte hau urteko egunik motzena izango da, Eguzkia irteten denetik sartzen denera arteko tartea kontuan izanik. Guztira, 9 ordu eta 17 minutu iraungo du egunak. Urteko egunik luzeena, aldiz, ekainaren 21a izan zen; 15 ordu eta 3 minutu iraun zuen.