Itxi

Gizartea

Osakidetza

Osakidetzako osasun-zentroek ordutegiak murriztuko dituzte Gabonetan

O.P. | Eitb Media

Osasun-etxe bakoitzak bere ordutegia erabaki ahal izango du, eta, beraz, nork bere erreferentziazko kontsultategiko karteletan begiratu beharko du, eta landa-eremuetan, baita udaletxeetan ere. ELA eta LAB sindikatuek seigarren olatuan ordutegiak murriztu izana salatu dute.

  • Zarauzko osasun-etxea. EITBren artxiboko irudia.

    Zarauzko osasun-etxea. EITBren artxiboko irudia.

Osakidetzako osasun-zentroek ordutegiak murriztuko dituzte Gabonetan, "lehen arretako profesionalen atsedena bermatzeko", nahiz eta "irekiera-ordutegitik kanpo osasun-asistentzia bermatuta egongo den etengabeko arretako guneetan". Osasun Sailak adierazi duenez, ohiko neurria da, baita udan ere. Arreta-ordutegia, oro har, 08:00etatik 17:00etara izango da, eta "salbuespenezko kasuetan bakarrik", ordutegia 15:00etara mugatuko dute. Ordutegi-murrizketak urtarrilaren 10era arte mantenduko dira, gehienez ere.

Hala ere, zentro bakoitzak erabaki ahal izango du funtzionamendu eta ordutegia, eta, herritarrek beren erreferentziazko kontsultategien kanpoaldean jarritako informazio-kartelen bidez izan dezakete ordutegien berri, eta, landa-eremuen kasuan, baita udaletxeetan ere.

Ostegunean jakinarazi zioten neurria Mahai Sektorialari, eta ELA eta LAB sindikatuek ez dute ontzat jo; izan ere, ordutegi-murrizketak eta inbertsio eta langile falta salatu dituzte, eta ohartarazi dute pertsonen osasunerako eskubidea ez dela bermatzen.

ELAk deitoratu duenez, Osakidetzak erakutsi du ez duela "inolako borondaterik eta planik" lehen mailako arretaren egiturazko arazo "larriak" konpontzeko, pandemia baino "askoz lehenagokoak" direnak, eta egungo osasun krisiak "larriagotu" egin duela gaineratu du. Salatu duenez, "ez da lantzen herritarrei ematen zaien arreta murriztea ez den beste aukerarik". Gainera, lehendik ere gainezka dauden langileei zama gehiago ezartzen zaie. ELAren ustez, oporren "aitzakia" hori baliatu nahi du Gobernuak, benetako arazoa ikusezin bihurtzeko, hau da, langile falta eta inbertsio publikoa.

Ildo beretik mintzatu da LAB sindikatua, eta, seigarren olatu betean lehen arretaren ordutegiak murriztu izana salatu du. Osakidetzako langileen kopurua handitzea eta egonkortzea eskatu du, behin-behinekotasun tasa "lotsagarria" delako. Gainera, lan baldintzak "eskasak" direla adierazi du eta, ondorioz, profesionalak beste autonomia erkidego batzuetara eta sektore pribatura joaten direla.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena