Gizartea -
Trafikoa
AP-8a moztuta bederatzi orduz, Barakaldo parean kamioi zisterna eta furgoneta baten arteko talkagatik
03:23an jazo da istripua, 122 kilometroan Irungo noranzkoan. Bi ibilgailuetako gidariak Gurutzetako ospitalera eraman dituzte. 12:30ean Santa Agedako tunelaren "by-passa" ireki dute, Kantabriarako noranzkoa moztuta mantenduz.
EITB Media
Bederatzi orduz itxita egon ostean, 12:30ean zabaldu dute berriro, by-pass bidez, Bilboaldeko Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea, Supersur izenekoa. Goizaldean Barakaldo parean bi ibilgailuk izandako istripu baten ondorioz, itxita geratu da errepidea Irunerako noranzkoan.
Bizkaiko Foru Aldundiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, 12:30ean aurrera Santa Agedako tunelean "by-passa" ireki dute, Kantabriako noranzkoa itxita mantenduz.
Trapagarango eta Santurtziko sarbideetatik hasita, errepiderako sarbideak pixkanaka zabaltzen joatea aurreikusten da. Dena den, "by-passa" martxan dagoela, ezinezkoa da Kantabriatik datozen ibilgailuak Kadaguako ordainlekutik ateratzea.
Errepidea ixtea ekarri duen istripua goizaldeko 03:23an izan da, AP-8ko 122. kilometroan; talka egin dute gasolioa zeraman zisterna-kamioi batek eta autobideko mantentze-lanetarako ibilgailu batek , gidariak zauritu egin dira eta errepidea itxita geratu da.
Ordutik, larrialdi zerbitzuak lanean aritu dira bidean gasolio-isuria saihestu eta istripua izan duten ibilgailuak kentzeko. Garabi handiak erabili behar izan dira lanak egiteko.
Besteak beste, Ertzaintza, suhiltzaileak, anbulantziak, larrialdietako teknikariak eta URA agentziako teknikariak bertaratu dira.
Suhiltzaileek atera behar izan dute mantentze-lanetako furgonetako gidaria, harrapatuta geratu delako. Ondoren, bi gidariak tokian bertan artatu eta Gurutzetako ospitalera eraman dituzte.