Gizartea -

Koronabirusa

Bi heriotza eta 17 ospitaleratze, horietako bat ZIUetan, Nafarroan

Kutsatutakoen kopuruak 3.000 kasuen langa gainditu du berriro, % 45,5eko positibotasun tasarekin.

Bi osasun langile, Nafarroako Klinika Ospitalean. Argazkia: EFE
Bi osasun langile, Nafarroako Klinika Ospitalean.
Bi osasun langile, Nafarroako Klinika Ospitalean. Argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehen honetan bi pertsona hil dira covid-19ak jota eta 17 erietxeratu, bat ZIUan, behar izan dituzte Nafarroan. Hori horrela, kasuek ospitaleetara heltzen jarraitzen dute  eta gaur-gaurkoz, 183 gaixo daude, horietako 22, ZIUetan.

Positibo kopuruari dagokionez, 3.136 kasu berri zenbatu dituzte, Foru Gobernuak emandako datuen arabera. Aipagarria da egindako 6.893 proba diagnostikoetatik ia erdia (% 45,5) positibo izan direla. Duela astebete zenbatutako kopurutik gertu dago (3.150 kasu) baina duela 14 egun atzemandakoa halako hiru da (914).

20-29 urtekoak kolpatu ditu gogorren birusak, Nafarroako Gobernuak zehaztu duenez.

Hiru udalerrik edo osasun gunek gainditu dute 100 kasuko langa: Iruñeko Arrotxapea auzoan 151 positibo hauteman dituzte, Burlatan 107 eta Barañainen 102. Hiru zifratik beherako kopuruak zenbatu dituzte Sarrigurenen (98) eta Tuteran (97).

Adinekoen egoitzetako egoera

Bestalde, adinekoen egoitzetan eta desgaitasunen bat duten pertsonentzako zentroetan ere gora egin dute covid-19 kasuek, Mari Carmen Maeztu Gizarte Eskubideen kontseilariak jakinarazi duenez. Zahar-etxeetan 320 positibo daude, eta gainerako zentroetan, 25.

Egoitzetako sei egoiliar ospitalean daude, 116 sintomekin, 188 asintomatiko eta gainerako 10ak, bitarteko zentro batean dituzte. 73 egoitzetatik 23tan dago kasuren bat, batez ere Iruñerrian eta Lizarraldean. 4000 langileetatik 224 bajan daude, gainera.

"Kutsatzeek gora egin dute baina birusaren eragina txikiagoa izaten ari da txertaketari esker", argitu du. Maezturen esanetan, "pauta osoa jaso duen egoiliarrik ez da hil", eta txertatzearen garrantzia nabarmendu du. Izan re, seigarren olatu honetan txertatu gabe zegoen pertsona bat zendu da.

Maeztuk nabarmendu duenez, "Nafarroa txertaketaren buru dago Espainiako Estatuan adinekoen egoitzetan: egoiliarren % 98 dago inokulatuta".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Euskal hiriburuak Gaurko albisteak Nafarroan Tutera argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Tafalla bideoak Burlata bideoak Albisteak Nafarroako Gobernua albisteak Osasunari buruzko albisteak Lizarra azken ordukoa Koronabirusaren Eris aldaera gaur